Hamaika hizkuntzatan irakurriko dute ipuin berbera

Ataria 2024ko mai. 16a, 16:21

Hizkuntza Aniztasunaren Nazioarteko Eguna ospatuko da asteartean, eta Galtzaundi Euskara Taldeak hainbat ekitaldia antolatu ditu, Tolosako etxeetan zein hizkuntza hitz egiten diren ikusarazteko.

Hurrengo asteartean, hilaren 21ean, Hizkuntza Aniztasunaren Nazioarteko Eguna ospatuko da mundu guztian zehar. Galtzaundi Euskara Taldeak, egunarekin bat eginez, ipuin baten irakurketa jarraitua  egingo du hainbat hizkuntzatan Tolosako Trianguloa plazan. 18:30ean hasiko da ekitaldia, eta musika eta jatekoa ere egongo da. 

Galtzaunditik gogoratu dute euskara izan dela historian zehar tolosarren hizkuntza nagusia, «baina euskarak beste hizkuntzekin bizitzen ikasi behar izan du gurean». Bada, gaur egun, Tolosan, inoiz baino hizkuntza gehiago hitz egiten direla azaldu dute euskara taldetik: «izan ere, 50 nazionalitate baino gehiago dituzte tolosarrek, eta ezin kontatu zenbat hizkuntza hitz egiten dituzten; 100 baino gehiago seguru, baina ez dakigu bikoitza izan ote daitezkeen».

Hori kontuan hartuta, hizkuntza horietako zenbaitetan irakurketa jarraitua egitea proposatu du Galtzaundi Euskara Taldeak, asteartean, Hizkuntza Aniztasunaren Nazioarteko Egunean. Ipuin labur berbera dozena hizkuntza baino gehiagotan irakurriko dute tolosarrek, bakoitzak bere ama-hizkuntzan. Ekitaldiaren ardatza hori izango da, eta jatorri ezberdinetako musika eta jakiak dastatzeko aukera ere izango da.

Bestalde, irakurriko den ipuineko elementu batean oinarrituta murala egongo da egun guztian zehar Trianguloa plazan, eta mural horretako elementua ahalik eta hizkuntza gehienetan nola idazten den ikusarazi nahi dute: «Horretarako, ezinbestekoa izango da herritarrek parte hartzea, eta nork bere hizkuntzan idaztea mural horretan. Horretara eta arratsaldeko ekitaldian parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak Galtzaundik.

«Gure hizkuntza balioan jartzen dugun modu berean, besteen hizkuntzei ere balioa eman nahi diegu», esan dute. «Horregatik, tolosarren ama-hizkuntzak zein diren jakin nahi dugu ekintza hauen bitartez, Tolosako etxeetan zein hizkuntza hitz egiten diren ikusaraziz».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!