Osasun mentalaz hausnartzeko jardunaldiak

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko mai. 16a, 07:58

Gurutze Gorriaren Tolosako Errehabilitazio Psikosozialeko Zentroak, bere 25. urteurrenean, hiru saio antolatu ditu Topic-en.

25 urte dira Gurutze Gorriak Tolosako Errehabilitazio Psikosozialeko Zentroa zabaldu zuela, eta efemeride berezia ospatzeko, Osasun Mentalari buruzko Hausnarketa Jardunaldiak antolatu ditu, Topic-en. Ostegunetan, 19:00etan izango dira, tratamenduaren eta patologia mentalen inguruan dauden tabuak eta topikoak modu integralagoan eta komunitarioagoan sentsibilizatzeko eta sakontzeko saioak.

Gaur, Eskizofrenia birgaitu daiteke: sinesmen faltsuak deseginez izango da gaia. Javier Alvarez psikiatrak, Eugenia Herrera eskizofrenia diagnostikatutako pertsona baten amak, eta Raul Cardenas de la Torre nahasmendu bipolarra diagnostikatutako pertsonak hitz egingo dute, eta Oscar Terolek gidatuko du saioa.

Maiatzaren 23an, Jorge L. Tizon psikiatra, neurologo, psikologo eta idazlea Gaixotasun mentalak edo harreman arazoak: gaur egungo bidegurutze psikiatrikoa izenburupean ariko da.

Azkenik, hilaren 30ean, Sufritzeari utzi nahi diot eta suizidioan pentsatzen dut. Lagunduko didazu? galdera izango da abiapuntua, eta Jon Ormaza, Osakidetzako psikiatra, tesi idazle eta suizidioari buruzko ikertzaileak eta Alexander Muela psikologiako zuzendari, psikoterapiako espezialista eta EHUko psikologia irakasleak parte hartuko dute.

Tolosako Errehabilitazio Psikosozialeko Zentroa ezaugarri horiek zituen lehen zentroa izan zen. Gaixotasun mental kronikoak dituzten pertsonentzako eguneko zentroa da. Bertan, pertsona horiek jarduera okupazionalak egiten dituzte eta autonomia pertsonal handiagoa lortzeko prestatzen dituzte. Beste osasun- eta gizarte-zerbitzu batzuekin batera eta modu koordinatuan lan egiten dute zentroan, bilakaera luzeko patologia mentalek sortzen dituzten arazo ugariei arreta egokia emateko.

25 urtetan, askotariko nahasmenduak dituztenak artatu dituzte zentroan; besteak beste, eskizofrenia duten 65 pertsona igaro dira. Batzuk errehabilitatu egin daitezke eta lan egokitua egiteko aukera izan dezakete; beste batzuk etxera itzultzen dira, eta beste batzuk, behar adina denbora egoten dira.

«Hizlarien eta bertaratuen arteko elkarrizketa irekiak izatea nahi dugu, dena buruko nahasmendua den edo medikalizatzen ari diren bizitzako arazoak dauden, eta lehen tabua zena orain banalizatzen ari den eztabaidatzeko. Horrez gain, arreta komunitarioak errehabilitazioan duen garrantzia nabarmentzea nahiko genuke», adierazi du Arantxa Bodero Mendizabal Gurutze Gorriak Tolosan duen errehabilitazio psikosozialeko zentroko arduradunak.

Gurutze Gorriaren Tolosako Errehabilitazio Psikosozialeko Zentroak eskerrak eman nahi dizkie jardunaldi hauek antolatzen lagundu duten erakundeei: Gipuzkoako Foru Aldundia, Tolosako Udala, Gureak, Asuncion Klinika, Diva pienso ecoloĢgica, Belca Films eta Avia Arriaran.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!