Tolosako EAJk kezka azaldu zuen apirileko osoko bilkuran, udal jabetzako etxebizitza eta aparkaleku hutsen kopurua gero eta handiagoa zela argudiatuta. Arazoari irtenbidea emateko eskatu zion udal gobernuari, «inolako justifikaziorik gabe atzeratzen» ari direla azalduz.
Batetik, Euskal Herria plazako gazteentzako alokairurako 25 apartamentuetatik, 13 hutsik eta erabilerarik gabe zeudela esan zuten jeltzaleek. «Batzuk, gainera, urtebete bano gehiago daramate hutsik, eta 68 gaztez osatutako itxarote-zerrenda ez da mugitu ere egin azken bederatzi hilabeteetan». Ondorioz, EAJk udal gobernuari eskatu zion beharrezko kudeaketak egin zitzala, aipatutako pisu horiek berehala gazteei eskaintzeko.
2021ean esleitu ziren pisuak zozketa bidez, eta hiru urterako direnez, 2024ko ekainean amaituko da horietan egoteko epea. «Data gerturatu ahala bajak izan dira, baina badira bestelako egoerak ere. Hortaz, bakoitzaren kudeaketa ezberdina izan da», erantzun du udal gobernuak.
Baja eskaera gehienak, zazpi, abendutik hona egin direla esan du EH Bilduk. Apartamentuak deialdi berrirako gordetzea zen udalaren asmoa, guztiak batera esleitzeko. Aurten, ordea, itxaron zerrenda lehendabiziko aldiz agortu ez denez, irizpidea aldatzea erabaki dute. Deialdi berria egitera itxaron behar izan gabe, etxebizitzak esleitzen hasiko da udala. Itxaron zerrenda agortzean zabalduko dute deialdi berria eskatzaile berrientzat.
Salbuespenezko lau kasu daudela nabarmendu du udal gobernuak. «Bik urtebete baino gehiago daramate hutsik, erabiltzaileek prozesu judizialak izan dituztelako tartean eta, argitu bitarte, udalak ezin izan dituelako etxebizitzak erabili. Beste bi denbora gehiagoz egon dira hutsik, Etxebizitza Sailaren egiturazko arazo eta gabezien ondorioz».
Bestelako eskaerak
Kondeaneko Aldapako 11. zenbakian eta Agaramundu plazako 7. zenbakian etxebizitza bana ere hutsik zeudela esan zuen EAJk. «Egoera are larriagoa da, jakinda Agaramundu plazakoa mugikortasun urri iraunkorra duten pertsonentzat edo beren etxebizitzetan irisgarritasun-arazoak dituzten 70 urtetik gorakoentzat dela, eta erraz bete daitezkeela aurreko legealdian osatu ziren itxaron-zerrendetara joaz», azaldu zuten azken osoko bilkuran.
Udal gobernuak esan du dagokion ikuskapena egin bezain pronto abiatuko duela Kondeaneko Aldapako etxebizitzan erabiltzaile berria esleitzeko prozesua. «Agaramundu plazakoaren kasuan, atontze lanak eta kexa bat medio, prozesua geldirik egon da. Jada bideratuta dago eta laster beteko da», azaldu du.
Bestalde, alderdi jeltzaleak Arrillaga plazan 105 aparkaleku emakidan emateko pleguak berehala argitaratzea eskatu zuen, egungo alokairuko lagapena iraungita dagoelako, eta gaur egun, 38 garaje-plaza huts daudelako. Alderdi jeltzaleak adierazi zuen iazko maiatzean utzi zuela prest garaje horiek esleitzeko deialdiaren proposamena. «Urte oso bat pasa eta gero, ez denez egin, garaje hutsen kopurua handitzen ari da. Larramendi auzoak, ezta beste edozein auzok ere, ezin du onartu luxu hori».
Udal gobernuak argitu du 35 direla hutsik dauden aparkalekuak, eta kontratu berriak egitea «ezinezkoa» zaiela, «baldintza pleguak iraungita daudelako. Arazo bera izan zuen aurreko udal gobernuak, eta horregatik hartu zuen deialdi berria argitaratu bitartean itxaron zerrendatik ez esleitzeko erabakia», esan dute. Epea iraungita egon arren, orain arteko erabiltzaileek erabiltzen jarraitzeko aukera izango dute, deialdi berria atera arte.
Deialdi berrian akats bat
Deialdi berrirako zirriborro bat landu zuen aurreko udal gobernuak. Udal gobernu berriak, irizpide berriak zituen deialdi berriaren prestaketa abiatu zuen orduan, baina udal teknikariek ondasunaren izaera juridikoaren inguruko akats bat topatu zuten, garaje horiek eraiki ziren garaikoa. «Akatsa zuzendu behar izan dugu, deialdia egin ahal izateko; epe motzean egin ahal izatea aurreikusten dugu. Aurreko udal gobernuaren zirriborroak ez luke baliorik izango, akats zuzenketa berdin aplikatu behar izango litzaiokeelako. Gainera, behin zuzenketa eginda, ezingo da alokairu erregimena sustatu, emakida baizik», azaldu du EH Bilduren udal gobernuak.
Diru laguntzak
Azkenik, talde jeltzaleak eskatu du lehenbailehen argitaratzeko aurreko legegintzaldian egin zen bezala, hutsik dauden etxebizitzak birgaitzeko diru laguntzen deialdia, jabeei erreformak egitea errazteko, etorkizunean alokairuan jar ditzaten. «Azken urteetan egin den bezala, diru laguntza guztien deialdi bateratua egin izan du udalak ekainean, eta aurten ere berdin egitea da aurreikuspena. Ekainean, beraz, etxebizitza hutsak birgaitzeko diru laguntzak argitaratuko dira; hobekuntzak izango ditu aurten, gainera», esan du udal gobernuak.