Udaberri hasiera bikaina Tolosaldea IKTko igerilarientzat

Ataria 2024ko mai. 15a, 18:07

Duela aste batzuk, Irunen jokatu zen Gipuzkoako Kopako txapeldun izan ziren gizonezkoetan, emakumezkoetan eta sailkapen bateratuan.

Tolosaldea IKTko igerilariek txapelketa garrantzitsuetan igeri egin dute azken hilabeteetan, maila bikainean arituz eta emaitza positiboak lortuz. Martxoaren 8tik 10era alebin mailako autonomia erkidegoen arteko Espainiako Txapelketa ospatu zen Los Barriosen (Cadiz), eta bertan izan zen Patxi Arzalluz Tolosaldea IKTko igerilaria, Euskal Herriko Selekzioarekin. «Bere probetan markak hobetzeaz gain, erreleboetan ere parte hartu zuen, txapelketa dotorea eginez eta asko ikasiz», azaldu dute klubetik.

Martxoaren 15etik 17ra, infantilek Espainiako txapelketa izan zuten Terrasan (Herrialde Katalanak). Bertan, Malen Zubeldiak, Enara Urizarrek, Ilargi Sarriak eta Enara Zubillagak parte hartu zuten. Emaitza esanguratsuenak Malen Zubeldiak lortu zituen: laugarren postua 200 metro estiloak proban 2.25,09 denborarekin eta bosgarren postua 400 metro estiloak proban 5.10,49 denborarekin. Honetaz gain, 200 metro tximeleta proban ere finalera sailkatu zen; finalean, zortzigarren postuan sailkatu zen.

Enara Urizarrek ere finalera sailkatzea lortu zuen 200 metro bizkar proban; 2.26,59 denborarekin zortzigarren izan zen. Honetaz gain, bere markak hobetu zituen 50 metro bizkar, 100 metro bizkar eta 200 metro libre probetan. Ilargi Sarria bere denboretan ibili zen 50 metro bular, 100 metro bular eta 200 metro estiloetan, eta Enara Zubillagak 4x100 metro estiloetako erreleboan parte hartu zuen, 12. postua lortu zutelarik.

Apirilaren 27an eta 28an Gipuzkoako Kopa jokatu zen Irunen. Txapelketa hau taldekakoa denez, igerilari bakoitzak lortutako postuaren arabera taldeari puntuak ematen dizkio. Honela, Tolosaldea IKTk lehen postuan sailkatzea lortu zuen gizonezkoetan, emakumezkoetan eta baita bateratuan ere, hiru sailkapenetan kopa irabaziz. Gainera, txapelketan zehar Mattin Zubeldiak Euskal Herriko 17 urteko errekorra lortu zuen 200 metro bizkar proban, 1.58,86 denborarekin.

Pasa den asteburuan, berriz, Tolosaldea IKTko zazpi igerilari Tarbesera (Frantzia) izan dira, Gipuzkoako selekzioarekin 31 èmes Nautique de Tarbes txapelketan lehiatzen. Igor Arrigain, Mattin Zubeldia, Irene Sagarna, Enara Urizar, Malen Zubeldia, Ilargi Sarria eta Enara Zubillaga izan dira bertan. «Maila bikainean aritu dira igerian eta beraien marka pertsonal asko hobetzeaz gain, podiumera ere askotan igotzea lortu dute».

Espainiako Txapelketa eta etxeko probak

Datozen txapelketei begira, hurrengo konpromiso garrantzitsua absolutu eta junior mailako Espainiako Txapelketa izango da; Joko Olinpikoetarako eta junior mailan Europako txapelketara sailkatzeko aukera ematen duen txapelketa da. Ekainaren 18tik 22ra ospatuko da Mallorcan.

Bestalde, denboraldi amaiera honetan Tolosan hainbat txapelketa antolatuko dira: Gipuzkoako txapelketak ekainaren 15ean eta 16an, eta uztailaren 6an eta 7an, alebin mailako Euskal Herriko txapelketa ekainaren 22 eta 23an, eta San Joan saria uztailaren 13an. «Txapelketa hauek antolatu eta aurrera eramateko igerilarien gurasoen laguntza ezinbestekoa zaigu, beraz, guztioi animatzen zaituztegu laguntza ematera txapelketa hauetarako», adierazi dute klubeko ordezkariek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!