ERREPORTAJEA

Flamenkora, barrokotik

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko mai. 17a, 07:58

Euskal Barrok Ensemble musika taldeak antzinako musika oinarri duen El Amor Brujo. Esencias de la música de Manuel de Falla ikuskizuna aurkeztuko du gaur, Tolosako Leidor antzokian, 20:00etan hasita.

Enrike Solinis musikari bilbotarra eta Miren Zeberio musikari tolosarra buru dituen Euskal Barrok Ensemble musika taldea Tolosako Leidor antzokian ariko da gaur. 20:00etan hasita, El Amor Brujo. Esencias de la música de Manuel de Falla ikuskizuna aurkeztuko dute. Manuel de Falla musikariaren El Amor Brujo lanean oinarritutako ikuskizuna da. Duela zortzi urte estreinatu zuen Euskal Barrok Ensemblek, Fallaren jaiotzaren 140. urteurrenean.

Ordutik, interpretazio historizistetan espezializatutako euskal taldeari nazioarteko jaialdietan gehien eskatu dioten lanetako bat da. «Hasiera batean, gurea bezalako musika barrokoko talde batek, euskal musikaren sustraiez hain interesatua denak, Fallaren obrak interpretatzeak, agian, harridura sor dezake», aitortu du Solinisek. «Zaila dirudi Manuel de Fallaren obrak musika barrokoko talde baten esku interpretatuak izatea, baina Fallaren benetako asmoak kontuan izanez gero, ez gintuzke harritu beharko. Andaluziako kantuekiko eta garai hartan sortu berri zen flamenkoarekiko gure miresmena bat datoz Fallak sentitzen zuenarekin», gaineratu du.

Musikari bilbotarrak nabarmendu duenez, Fallaren obra ezagunenetako baten eta Cadizko (Andaluzia, Espainia) artistak miresten zituen Domenico Scarlatti eta Joaquin Rodrigo musikagileen «etiketarik gabeko» berrinterpretazioaz gozatu ahal izango da Tolosan. «Fallak bere jatorrizko partituran aipatu nahi izan zuen exotismo-mezua nabarmentzen du. Bera bezalako musikariekin etiketak desagertu egiten dira, musika bera berpizten duelako».

 

Enrike Solinis: «Falla bezalako musikariekin etiketak desagertu egiten dira, musika bera berpizten duelako»


Saio atsegin eta ikusgarria izango dela aurreratu du Zeberiok: «Guk oso ondo pasatzen dugu ikuskizuna egiten, eta flamenkoa, zein musika klasikoa, tradizionala edo munduko musikak gustuko dituztenentzat emanaldi erakargarria da. Ez duzu aditu izan behar musika mota horietan, eta musika oro har maite duenarentzat gustagarria da».

Ijitoen kondairak, inspirazio-iturri

Euskal Barrok Ensemblek 2017an argitaratu zuen El Amor Brujo izeneko diskoa. Nazioarteko antzinako musikako figurarik handienetakoa den Jordi Savallen Alia Vox diskoetxean grabatu zuten, Maria Jose Perez abeslariarekin. «Disko honetan jasotzen diren lanek sortzaileek musika tradizionalerako zuten miresmena erakusten dute, garai hartako autoreen bikaintasuna irudikatuz. Honela, gaur egungo antzinako musikaren bultzatzaile bihurtu dira», azaldu du Solinisek.



Ijitoen antzinako abestiak eta kondairak, maitasun istorioak, sorginkeriak eta errituak inspirazio-iturri izan ziren Fallarentzat, El Amor Brujo lana sortu zuenean. Horiek, Andaluziako askotariko musikaren esentziarekin uztartu zituen. Horrela, kontzertuko programak Fallaren Danza ritual del fuego ezaguna eta cadiztarrak idatzitako beste obra batzuk biltzen ditu, hala nola, Canción del amor dolido, Pantomima, Canción del Fuego Fatuo edota Canción del Juego del Amor. Aipatutako obra horiek, kantutegi tradizionalarekin —fandangoa eta porrue edo Taranta de la Siega—, Uppsalaren kantutegiko piezekin, pertsiar musikarekin eta Fallak bere lanean inspiratutako ekialdeko musika tradizionalekin uztartzen dituzte ikuskizunean.



Euskal Barrok Ensemble taldeko musikariek antzinako instrumentuekin parte hartzen dute ikuskizun honetan, hala nola, biolin barrokoa, sakabutxea edo lavta. Gainera, flamenkoaren panoramako puntako bi artista gazterekin partekatzen dute oholtza: Teresa Hernandez kantari cadiztarra eta Sara Jimenez dantzari granadarra. «Beraien lanari esker, flamenkoa barruraino sartuko zaio ikusleari», gaineratu du Zeberiok.

Letren egilea, itzalean

El amor brujo Pastora Imperio artista, kantari eta dantzariarentzat idatzia izan zen. Maria Lejarraga idazle errioxarra izan zen letren egilea. Bi urteurren berezi ospatzen dira aurten. 150 urte dira jaio zela, eta duela 50 urte hil zen erbestean, Buenos Airesen (Argentina). Lejarraga Fallaren beste lan batzuetako testuen egilea ere izan zen, eta Jose Maria Usandizaga musikagile donostiarrarekin batera lan egin zuen La llama operan.

 

Miren Zeberio: «Emakumearen figura beti egon da ezkutuan artean; aldarrikatu eta aitortu egin behar da» 



Hala ere, Cadizko maisuari egindako ekarpena historian galduta geratu da duela gutxira arte. Izan ere, bere garaiko ohiturak jarraituz, bere senar Gregorio Martinez Sierraren izenarekin sinatzen zuen, XX. mendearen hasieran gaizki ikusia baitzegoen emakume bat literaturan aritzea. 70 urte zituela, erbestean, bananduta eta ekonomikoki porrot eginda, bere burua berrasmatu behar izan zuen eta Maria Martinez Sierra izenarekin sinatzen hasi zen. «Emakumearen figura beti egon da ezkutuan artearen munduan, eta mundu mailan garrantzi handia duen obra honen kasuan, aldarrikatu eta aitortu egin behar da letren egiazko egilearen izena, oraindik ere ezezaguna baita», nabarmendu du Zeberiok.

Nazioartean, ibilbide oparoa

2006an sortu zuten Euskal Barrok Ensemble taldea Solinisek eta Zeberiok, eta, harrezkero, taldeak leku garrantzitsua lortu du nazioarteko panoraman, proposamen guztiz berezi batekin. Bere diskoetako kantuek musikaren sustraiak arakatu eta sakontzen dituzte, antzinako musika ikuspegi propio batetik birsortuz.

Estatuko eta nazioarteko eszenatoki garrantzitsuenetan txalotu dute, El Amor Brujo. Esencias de la música de Manuel de Falla ikuskizuna, hala nola, Sevillako (Andaluzia, Espainia) Antzinako Musika Jaialdian, Madrilgo Escorialen, Bartzelonako (Herrialde Katalanak) Auditori antzokian, Badajozeko (Extremadura, Espainia) Iberiar Jaialdian, eta Regensburgeko (Alemania), San Galoko (Suitza), Royaumonteko (Frantzia), Ordino Classic (Andorra), edo Tichy International Guitar Festival (Polonia) jaialdietan. «Obra oso ezaguna da mundu osoan, dituen ezaugarriengatik, eta guk egindako moldaketa nahiko berezia da, sonoritate aldetik», azpimarratu du musikari tolosarrak.

Hori bai, ezohiko ikuskizuna da euskal zirkuituan, eta lehen aldiz aurkeztuko dute Tolosan. «Euskal Herrian areagotzen ari da flamenkoarekiko zaletasuna, baina kosta egiten da horrelako ikuskizunak programatzea», azaldu du Zeberiok. «Ohore handia izango da niretzat Tolosan aritzea. Ez da batere erraza izaten antzokia publikoz betetzea; kosta egiten da. Esan ohi denez, inor ez da profeta bere herrian, baina gerturatzen denak gozatu ederra hartuko du. Egunero eta, zure herrian bertan edo oso gertu, ez da izaten gisa honetako artistak ikusteko aukera», gaineratu du musikari tolosarrak. Atzo Bilboko Arriaga antzokian aurkeztu zuten, eta bihar Santanderreko (Kantabria, Espainia) Festival Mas jaialdian interpretatuko dituzte Fallaren obrak.

Datozen hilabeteetan, hitzordu garrantzitsu gehiago izango ditu taldeak. Espainian ez ezik, Europako beste herrialde batzuetan ere ariko dira, besteak beste, Potsdamen (Alemania), Pragan (Txekiar Errepublika) eta Utrechten (Herbehereak). Azken egonaldi hori berezia izango da, Utrecht Early Music Festival jaialdian ariko baitira, eta hiru ikuskizun egingo dituzte, tartean, El Amor Brujo bera. «Antzinako musikaren Europako jaialdi garrantzitsuenetako bat da. Lehen aldia izango da guretzat bertan, eta Elkanoren mundu biraren inguruko diskoa ere aurkeztuko dugu», azaldu du Zeberiok.

Argazkiak: Ane Yarza & Jose A. Lopez.

 

EL AMOR BRUJO

 

FITXA ARTISTIKOA

Abeslaria: Teresa Hernandez.

Dantzaria: Sara Jimenez.

Gitarra eta laudea: Enrike Solinis.

Biolin barrokoa: Miren Zeberio.

Moko-txirulak: Vicente Parrilla.

Sakabutxea (tronboia): Elies Hernandis.

Kontrabaxua: Pablo Martin Caminero.

Perkusioa: David Chupete.

Soinu teknikaria: Jordi Gil.

Argi teknikaria: Javi Ulla.

Zuzendaria: Enrike Solinis.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!