Raluy zirku historikoak astebeteko geldialdia egingo du Tolosan, eta ostiraletik igandera bost ikuskizun eskainiko ditu, San Esteban auzoko aparkalekuan, Gure Zirkuaren karparen ondoan. Maiatzaren 17an, ostirala, 18:30ean izango da ikuskizuna; maiatzaren 18an, larunbata, 17:00etan eta 19:30ean ariko dira; eta hilaren 19an, igandea, 12:00etan eta 17:00etan. Saio guztiak gaztelaniaz izango dira. Ostirala ikuslearen eguna izango da, eta sarrerak merkeago eskuratu ahalko dira. Sarrerak dagoeneko salgai daude Raluy.com helbidean, eta online erosketek %10eko deskontua dute; zirkuan bertan ere erosi ahal izango dira.
Gure Zirkuarekin harremana duen taldea da, beraiek gomendatuta iritsiko baitira Tolosara. Elkarlanean arituko dira, esate baterako, muntaia lanetan datozen egunotan, eta anfitrioi lanak egingo dizkiete. Ondoren, Gasteizen hasi berri duten birarekin jarraituko dute Gure Zirkuko kideek.
Ibilbide luzeko taldea da Raluy. Historian zehar aldaketak izan baditu ere, 1911n Raluy familiak sortutako zirkuan du oinarria. Zirku berezia da, museo itxura izateraino. Izan ere, XX. mendeko zirku baten itxura du: aitzinako ibilgailu eta gurdiak, estetika zaindua, kafetegia…
Rosa Raluyren zuzendaritzapean, zirku klasikoaren artisau lanari gorazarre egiten dio gaur egun, maila altuko diziplina ugariko ikuskizunak eskainiz: akrobaziak, orekariak, malabareak, magia, dantza, indar ariketak… Adin tarte guztietako publikoarentzat aproposak dira.
Mundu mailan aski ezaguna da, kontinente guztietako 30 herrialde baino gehiago bisitatu baititu, eta horietako zenbaitetan, sari ugari jaso ditu, besteak beste, Espainiako Zirkuko Sari Nazionala, Max Saria eta La Creu de Sant Jordi Saria.