Finalean da TAKE, asko sufritu ondoren

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko mai. 13a, 09:32

Senior emakumezkoen 1. mailako Eguzkitza Sagardotegia TAKE saskibaloi taldeak, ligako finala jokatuko du larunbatean, Beasainen, CD Internacional taldearen aurka, finalerdian Digitarte Hoops taldeari 44-42 irabazi ondoren.

Larunbatean, emozio handiko lehia jokatu zuten Eguzkitza Sagardotegia TAKE eta Digitarte Hoops taldeek, Tolosako Usabal kiroldegian. Ligako finalera sailkatzeko txartela zegoen jokoan, eta faborito ziren tolosarrak; lehen postuan amaitu zuten ligako fase erregularra, donostiarrek, berriz, laugarren.

Lehen bi laurdenetan bazirudien partida erraza izango zela etxekoentzat. Markagailuan alde handiarekin heldu ziren atsedenaldira (32-19) eta sentsazioak onak ziren. Hirugarren laurdenean, tentsioa eta urduritasuna nabaritzen hasi ziren jokalariak. Hamar minutu horietan izan zen saskiratze kopuru txikia da horren adibide; 6 puntu sartu zituen TAKEk, eta 9 Digitarte Hoopsek. Hala ere, 10 puntuko aldearekin iritsi ziren tolosarrak azken laurdenera: 38-28.

Orduan, ordea, asko sufritu zuten Mikel Lakunza entrenatzaileak eta bere jokalariek. Erlaxatuta kantxaratu ziren, eta donostiarrek orduan oraindik partida irabazteko aukerak zituztela sinesten zuten. Pixkanaka, hiruko bi saskiratzeri esker, markagailuan gerturatzea lortu zuten, eta etxekoak urduritzen hasi ziren. Jaurtiketa libreetan ez ziren guztiz fin aritu tolosarrak, baina ezta donostiarrak ere, eta horri esker lortu zuen TAKEk aldeari eustea. Azken jokaldian, aldiz, partida berdindu eta luzapena jokatzeko aukera izan zuen Digitarte Hoopsek. Azkenean, majo sufrituta, 44-42 irabazi zuen etxeko taldeak, eta larunbateko finalean izango da.

CD Internacional talde donostiarraren aurka jokatuko du TAKEk, Beasaingo Antzizar kiroldegian. 18:00etan hasiko da partida. Fase erregularra bigarren tokian amaitu zuen CD Internacionalek, eta finalerdian erraz irabazi zion hirugarren sailkatu zen Goierriri: 67-55. Tolosarren eta donostiarren arteko fase erregularreko bi partidatan, garaipen bana talde bakoitzarentzat. CD internacionalek 58-53 irabazi zion TAKEri etxean; tolosarrek, berriz, 54-44 irabazi zieten donostiarrei Usabalen, fase erregularreko azken partidan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!