Trianguloa, loretan

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko maiatzaren 11

Goizean, bi azoka izan dira Tolosako erdigunean. Batetik, Lore eta Landare Azoka egin dute Trianguloa plazan; bestetik, Alondegia plazan Bigarren Eskuko Bizikleten Azoka antolatu du Zumardia elkarteak.

Goizean, kolorez eta lore usainez bete da Tolosako Trianguloa plaza. Eguraldia lagun, herritar ugari gerturatu da bertan ospatu den Lore eta Landareen Azokara. Orotara, zazpi mintegi eta artisauek parte hartu dute azokan, udaberri sasoiko lore eta landare mota nagusiak eskainiz.

Ondorengoak izan dira azokan parte hartu duten mintegi eta artisauak:

  • Ines Flores (Anoeta): hazi, landare, lore eta fruitu deshidratatuetan berezitua.
  • Iñigo Azpiazu Moreno (Anoeta): loreetan berezitua.
  • Karolina Peños Salinas (Bergara, Gipuzkoa): ukendu sendagarriak, gorputzeko xaboiak eta desodorante naturalak.
  • Txomin Bilbao Echevarría (Kortezubi, Bizkaia): lore, zuhaixka eta landare sorta.
  • Jose Javier Beaskoetxea (Iurreta, Bizkaia): sasoiko landare eta loreak.
  • Guillermo Guillen Monreal (Puiu, Nafarroa): lore eta landare sorta zabala.
  • Daniel Larena Santos (Zaragoza, Aragoi): bere landare eta lore bilduma.

Lorategi efimeroa

Azoka berezi honen bueltan egin izan den bezala, aurten ere Gaztelako Atea lore eta landarez atondu du Gureak Berdeak lorezaintza taldeak, lorategi efimero bihurtuz. Banbu landareekin hostotza berdea eta kolore urdineko elementuak uztartu ditu aurtengo proposamenak, zutoin, hesi, loreontzi eta tauletan. Landare hauek, udazkenean landatuko dira Elosegi parkean.

Elkartrukerako aukera, Alondegian

Gaur bertan, bigarren eskuko bizikleten elkartrukerako azoka egin dute Alondegi plazan, Zumardia elkarteak sustatuta. Bertan, bizikleta, patin, patinete, kasko eta bestelako bigarren eskuko materialak trukatu, saldu edo erosi ahal izan dituzte bertaratu direnek. Jasangarritasuna, elkartrukea eta berrerabilpena bultzatzea izan da azokaren helburua.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!