Gernika-Palestina herri ekimeneko Tolosako taldeak bat egin du palestinar herriaren alde mundu mailan ematen ari diren mobilizazioekin, eta eguerdian, dozenaka herritar bildu dira Trianguloa plazan egin duten elkarretaratzean. Israel eta Gazaren arteko gatazka «aspalditik» datorrela gogoratu du Aritz Lopez Gernika-Palestina herri ekimeneko Tolosako taldeko kideak. «Azken urteetan gerra pizten eta itzaltzen aritu dira etengabe, baina egia da aspalditik ez zitzaiola ematen azken hilabeteetan eman zaion dimentsio berdina».
Israelek Gazan dagoeneko 35.000 palestinar baino gehiago hil dituela nabarmendu du. «Israelek Gazari ezarri dion blokeoaren ondorioz, gosetea hedatzen ari da, milaka bizitza arriskuan jarriz. Rafah-ren aurkako erasoarekin, Gazak Egiptorekin zuen muga hartu du Israelek, Gazako herritarrak erabat isolatuz eta blokeo egoera areagotuz», gaineratu du.
Palestinak bizi duen une zail honetan, genozidioarekin amaitzeko esfortzuak biderkatzeko beharra azpimarratu du Lopezek. «Israeli eta Palestinari dagozkien NBEren ebazpenak zorrotz betetzeko eskatzen dugu, baita nazioarteko komunitateak Palestinako Estatua onartzeko ere. Bestetik, Espainiako Gobernuari eta gainerako erakundeei exijitzen diegu Israelekiko arma-merkataritza eten dezatela eta neurriak har ditzatela».
Gauzak horrela, egoerari berehalako konponbidea emateko, su-etena adostu dezatela exijitu du: «NBEk egindako adierazpenetan azaltzen den bezala, Palestinako estatua errekonozitua izatea egoerari soluzio politikoak aurkitzea nahi dugu».
Mundu mailako protesta dela nabarmendu du Lopezek, eta bai Tolosaldean, baita Euskal Herrian ere, herritarrak babes «handia» ematen ari direla aitortu du. «Munduko toki askotatik jarraitu dituzte Gernika-Palestina herri ekimenak antolatutako mobilizazioak eta eredugarritzat jo dituzte», adierazi du.