Nerabeen eta LGTBIQ+ komunitateko kideen artean suizidioak prebenitzeko programa lantzen ari da Tolosako Udala

Ataria 2024ko maiatzaren 10a

2021-2022 ikasturtean, Inmakulada Lanbide Ikastolan suizidioa prebenitzeko sentsibilizazio saioak egin zituzten.

Lanketa honek Tolosako lehen Herritarren Batzarrak egindako 14 gomendioetako bati erantzuten dio lanketak; hasteko, herri mailako galdetegi bat zabaldu dute nerabeekin lan egiten duten eragileen artean.

Tolosako Udala, nerabeen eta LGTBIQ+ komunitatearen osasuna eta ongizate emozionala hobetzeko asmoz, bi kolektibo horietan suizidioak prebenitzeko programa lantzen ari da. Lanketa honek Tolosako lehen Herritarren Batzarrean egindako 14 gomendioetako bati erantzuten dio, hain zuzen, Nerabeak, LGTBIQ+, suizidioa; arreta programa, prestakuntza eta esku-hartzea deitutakoari. Suizidioa prebenitzeko egitasmoak martxan jartzea eskatu zion Herritarren Batzarrak udalari, sentsibilizazio, formakuntza eta babeserako zerbitzuen egitasmoak aurrera eramatea, alegia.

Hala, lehen urrats gisa, herri mailako galdetegia abiatu du udalak, nerabeekin lan egiten duten erakunde eta profesionalei zuzenduta. «Inkestaren helburua herri mailako diagnosia egitea da, nerabeen suizidioaren inguruan dagoen ezagutza eta sentsibilizazio-maila zenbaterainokoak diren jakiteko», azaldu du udalak.

Galdetegi hau, Alex Muela EHUko irakaslearen eta Jon Garcia-Ormaza Osakidetzako psikiatraren laguntzaz prestatu dute. Hilaren 23ra bitarte erantzun ahal izango da, eta helburua da gizarte-sektore honetan arreta, prestakuntza eta esku-hartze programak nola hobetu daitezkeen ulertzea, batez ere, nerabeetan eta LGTBIQ+ komunitatean zentratuta. «Azken batean, bi kolektibo horietan suizidioak prebenitzea da helburua», gaineratu du. 

«Galdetegiak ezinbesteko informazioa bilduko du etorkizunera begira udalak eta erakunde kolaboratzaileekin estrategia zehatzak garatu ditzagun, nerabeen eta LGTBIQ+ kolektiboko pertsonen beharrei modu eraginkorragoan erantzuteko», nabarmendu du udalak. Izan ere, emaitzak aztertu ondoren, 2024-2025 ikasturtean zehar aplikatzeko formazio plan bat garatzea da asmoa, eta geroago, gidalerro edo protokolo bat osatzea aurreikusita dago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!