Ikasturteko azken txanpan sartuta, datorren ostiralean, maiatzaren 17an, Andrafesta ospatuko dute Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxean.
Emakume orori zabalik dagoen jaia da, baita espazioa bera ezagutzen edo erabiltzen ez dutenei ere, elkartzea, saretzea eta ondo pasatzea baita hitzorduaren helburu nagusia.
18:30ean abiatuko da festa, eta askotariko emanaldiekin osatutako egitaraua antolatu dute, musika, bertsoak, bakarrizketa edo dantzak uztartuta. Hasteko, Batumore batukada feminista taldeak festarako deia zabalduko du kanpoaldean, eta ondoren, Amaia Agirrek ongietorria emango du bertsotan. Segidan, Ixabel Agirresarobe ipuin kontalariaren saioa izango da. Olaia Toral abeslariaren emanaldia etorriko da gero eta Mirari Martiarenaren bakarrizketak emango dio jarraipena. Kantagora Andragorako kantu taldeak ere abestuko du tartean. Arratsalde osoan zehar clownak ere izango dira. Amaitzeko, dantzaldia izango da iluntzera arte. Festak irauten duen bitartean photocall feminista ere egongo da, eta jan-edanerako aukera ere izango dute bertaratzen direnek.
«Asko gara Andragora erabiltzen dugun emakumeak, eta festa guztiok elkar ezagutzeko eta saretzeko da. Baina bereziki dei egin nahi diet Andragora ezagutzen ez duten emakumeei, etor daitezen eta bere egin dezaten etxe hau. Duela gutxi ama taldea sortu da, Jabetze Eskolako tailer ugari egiten dira… aukera asko eskaintzen ditu Andragorak, eta festa egun hau aukera horietako asko ezagutzeko egun egokia da», azaldu du Goiuri Ezeiza berdintasun zinegotziak.