Mailaz igotzeko lehen pausoa eman nahi dute larunbatean Usabalen

Imanol Garcia Landa 2024ko mai. 9a, 19:00

Igoera faseko finalerdia jokatuko du larunbatean Eguzkitza Sagardotegia TAKE taldeak Usabal kiroldegian. Partida 16:00etan hasiko da eta Digitarte Hoops izango da aurkaria.

Eguzkitza Sagardotegia TAKE saskibaloi taldeak partida garrantzitsua du larunbatean. Gipuzkoako lehen mailan ari da eta igoera fasearen finalerdia jokatuko du Digitarte Hoops taldearen aurka. Etxean jokatuko dute TAKEkoek, Usabal kiroldegian, 16:00etatik aurrera. «Hil ala biziko partida izango da, hau da, irabazten duenak finalera joateko txartela lortuko du eta galtzaileari denboraldia bukatuko zaio», azaldu du Mikel Lakuntza entrenatzaileak. Finala Beasainen jokatuko da, maiatzaren 18an.

Gipuzkoako lehen mailan liga lehen postuan bukatu du Eguzkitza Sagardotegia TAKE taldeak, 21 partida irabaziz eta bakarra galduz. Finalerdietako aurkaria laugarren postuan geratu da, eta beste finalerdia bigarren egin duen CD Internacional eta hirugarren izan den Goierri taldeen artean jokatuko da, larunbat honetan ere.

Nahi zuten lekuan daude TAKEkoak, Irati Alda taldeko kapitainetako batek azaldu duenez: «Denboraldiaurrean mahai gainean jarri genuen aurten zela momentua igotzeko, eta taldekideen artean horrela adostu genuen. Gogotsu gaude igotzeko, urte askotan zehar lan handia egin dugu igoera lortzeko borrokan egoteko, eta aurten ikusten dugu aukera hori dugula. Lan ona egin dugu eta ondo entrenatu dugu horretarako».

Balantze «oso ona» egin du Lakuntzak denboraldiari buruz, eta lortutako 21 garaipenak nabarmendu ditu. «Talde ona ginela bagenekien, baina astebururo oso serio aritu gara. Ez da batere erraza 21 partida irabaztea 22 partidetatik. Denboraldiaren hasieran esango nuke igoera faserako sailkatzea eta finalera iristea zela helburua, beraz, oraindik ez dugu lortu hori».

ZALEEI DEIALDIA

Larunbateko partida irabazteko urtean zehar egin dutenarekin jarraitu behar dutela azaldu du Aldak: «Lanean ondo jarraitu, ondo entrenatu, eta iruditzen zait gure lana ondo egiten badugu, urtean zehar bezala, partida ondo aterako dela». Taldearen indar nagusia defentsa dela gaineratu du eta gogotsu aterako direla partida irabaztera. «Gogo gehienarekin ateratzen denak irabaziko du».

Mailaz talde bakarra igotzen da, beraz, finalera iritsi eta hori irabazi beharra dago horretarako. Halere, lehen pausoa larunbateko finalerdia irabaztea da eta hori lortzeko zaleen laguntza eskatu dute taldekideek. «Beti laguntzen du zaleen presentziak, eta eskatu nahi diegu Usabalera etortzea larunbatean. Jokalariek merezi dute babesa jasotzea egin duten lanagatik», esan du Lakuntzak.

Igoera lortuz gero taldea Euskadiko 2. Nazional mailan ariko litzateke datorren denboraldian, eta lehenengo aldiz gertatuko litzateke hori TAKE klubaren historian. Igoera hori lortzea «ohorea» izango litzatekeela esan du Aldak. Marta Mendinueta taldeko kapitainetako batek gaineratu duenez, «merezi dugun saria da. Mailaz igotzeak partida guztiak talde lehiakorren aurka jokatzea ekarriko luke, eta baita Gipuzkoatik kanpo jokatzeak. Uste dut taldeak zein klubak merezi duen aurrerapausoa izango litzatekeela». Lakuntzak azaldu duenez, «nesken lehen taldea geroz eta maila altuago batean izateak ere markatzen du erreferentzia bat harrobian dauden jokalarientzat».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!