Tolosako Jabetze Eskolak Tolosako Gizon Taldearekin elkarlanean antolatuta, Zein ekarpen egin diezaiokegu gizonok feminismoari? saio irekia egingo dute maiatzaren 16an, kultur etxean.
Jabetze Eskolako udaberriko egitarauaren barruan kokatu dute gizarte matxista baten parte izatearekin ados ez dauden eta feminismoaren barruan duten rola eta posizionamendua birplanteatu nahi duten gizonei zuzendutako saioa. Helburu nagusia da berdintasunezko harremanak sustatzea eta gizonek genero berdintasunaren aldeko borrokan izan dezaketen eraginari buruz hausnartzea. Horretarako, maskulinitatea, indarkeria matxista eta berdintasuna gaiak jorratuko dira saioan.
Tailerra 19:00etan izango da, gaztelaniaz, eta Hiruki Larroxa kooperatibako Egoitz Albiolek dinamizatuko du. Hain zuzen, bere ustetan, «beharrezkoa da genero guztiak borroka feministaren alde agertzea; izan ere, borroka feministaren helburua aldaketa soziala da, eta aldaketa sozial orok bezala, pertsona guztien bizitzan eraldaketa sortzen duena. Horregaitik denok sartzen garen espazioa da».
Tailerra izaera mistokoa izango da eta parte hartzeko interesa duenak aurrez eman beharko du izena, doan, Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxean edo online, udal webgunean.
Gizonei zuzenduriko pedagogia feminista landuz
Gizarte justuagoa eta parekideagoa eraikitzeko, Tolosako Berdintasun Sailak urteak daramatza, jarduera desberdinen bitartez, gizonei zuzendutako pedagogia feminista lantzen. Prozesu horretan sortu zen, hain zuzen, Tolosako Gizon Taldea 2017an. Honek emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean aurkako borrokan jarrera aktiboa sustatzea du helburu eta horretarako hilean behin biltzen da adostutako hainbat gaien inguruan ikuspegi kritiko eta eraikitzaile batetik gogoeta partekatua egiteko.