Palestinako genozidioa amaitzeko eskatuko dute beste behin

Ataria 2024ko maiatzaren 9a

Gernika-Palestina herri ekimenak antolatuta, larunbatean, 12:30ean, mobilizazioa egingo dute Trianguloa plazan.

Palestinar herriaren alde mundu mailan ematen ari diren mobilizazioekin bat egingo du Gernika-Palestina herri ekimenak, larunbatean, Tolosan. 12:30ean hasita, elkarretaratzea egingo dute Trianguloa plazan. Azken hilabeteotan ere maiz elkartu dira, Israel Gazaren aurka egiten ari den eraso izugarria eta Palestinako genozidioa salatzeko.

Israelek Gazan dagoeneko 35.000 palestinar baino gehiago hil dituela nabarmendu dute herri ekimenetik. «Israelek Gazari ezarri dion blokeoaren ondorioz, gosetea hedatzen ari da, milaka bizitza arriskuan jarriz. Rafah-ren aurkako erasoarekin, Gazak Egiptorekin zuen muga hartu du Israelek, Gazako herritarrak erabat isolatuz eta blokeo egoera areagotuz», gaineratu dute.

Palestinak bizi duen une zail honetan, genozidioarekin amaitzeko esfortzuak biderkatzeko beharra azpimarratu dute. «Israeli eta Palestinari dagozkien NBEren ebazpenak zorrotz betetzeko eskatzen dugu, baita nazioarteko komunitateak Palestinako Estatua onartzeko ere. Bestetik, Espainiako Gobernuari eta gainerako erakundeei exijitzen diegu Israelekiko arma-merkataritza eten dezatela eta neurriak har ditzatela. Gero eta gehiago gara palestinar herriaren genozidioari stop esaten ari garen herritarrak».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!