Energia bizitzaren motorra dela ikusarazi nahi diete herritarrei

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko mai. 8a, 14:31

Amasa-Villabonako hiru ikastetxeetako irakasle eta ikasleak, aurkezpenean. J. A.

Amasa-Villabonako hiru ikastetxeetako ikasleek, zenbait ekintza antolatu dituzte maiatzaren 14 eta 15erako, energiaren erabileraren inguruko kontzientzia sortzeko.

Tolosaldeko Agenda 2030 proiektuaren baitan, Amasa-Villabonako Fleming, Zubimusu eta Erniobea BHI  ikastetxeetako ikasleak garapen jasangarriaren inguruan lanean aritu dira ikasturtean zehar. Energia eskuragarri eta ez-kutsatzailea izan da Agenda 2030 proiektuaren aurtengo ardatza. «Helburu nagusia energiaren erabileraren inguruko kontzientzia sortzea izan da, eta erronka horretan eskola bakoitzak bere ekarpena egin du», azaldu dute ikasleek.

Prozesuari dagokionez, lehenik, eskola bakoitzak energiaren inguruko ekintza-plan propioa egitea zen asmoa. «Hala ere, hausnarketarako ikasle-foroan, hiru ikastetxeetako ikasleak bildu eta ekintza bateratu bat egitea adostu genuen».

Gauzak horrela, hainbat ekintza antolatu dituzte maiatzaren 14 eta 15erako, herritarren artean aipatutako kontzientzia sortzeko. Maiatzaren 14an, goizez, Zubimusu ikastetxeko Lehen Hezkuntzako ikasleek, herrian oinez ibiltzearen aldeko kanpaina egingo dute, herrian zehar eskuorriak banatuz.

Biharamunean, hilak 15, San Isidro eguna ospatzearekin batera, Erniobea BHI ikastetxeko ikasleek, energiari buruzko askotariko gaien inguruan sortu dituzten kartelen erakusketa egingo dute Berdura plazan; 10:30etik 12:30era egongo dira ikusgai. Karteletan, aurrez bildutako informazioa txertatuko dute QR kode bidez.

Fleming ikastetxeko ikasleek ere kartelak sortu dituzte eta erakusketan egongo dira ikusgai. «Kasu honetan, energia xahuketaren inguruko kartelak dira, gaiaz sentsibilizatzeko helburua dutenak. Audio-gidak ere sortu ditugu eta karteletan txertatutako QR kodea erabiliz entzun ahal izango dira», adierazi dute ikasleek.

Arratsaldean, berriz, hitzaldi bat antolatu dute Gurea antzokian. Bertan, Zubimusuko DBHko ikasleek, energia aurrezteko gakoen inguruan hitz egingo dute. Enherkom Hernaniko komunitate energetikoko kideek ere parte hartuko dute ekitaldian, eta euren esperientzia partekatuko dute.

Egitaraua:

  • Maiatzak 14, asteartea
    • 10:00-12:00. Zubimusu ikastetxeko ikasleek eskuorriak banatuko dituzte herrian zehar.
  • Maiatzak 15, asteazkena
    • 10:30-12:30. Erniobea eta Fleming ikastetxeetako ikasleek sortutako kartelen erakusketa Berdura plazan.
    • 18:00. Energia aurrezteko gakoak hitzaldia Gurea antzokian, Zubimusuko DBHko ikasleen Enherkom herri-kooperatibako kideen eskutik.
Lanbide heziketan ere landu dute gaia

Tolosaldea Lanbide Heziketa Ikastetxe Integratua, Inmakulada Lanbide Ikastolako, Peñascal Kooperatibako eta Fraisoro Eskolako ikasleek, azken bi urteotan Eskola Agenda 2030 proiektuaren barruan egindako lanketaren berri eman dute. Hauek ere energia izan dute hizpide eta, besteak beste, formazioa, aholkularitza, ikerketa eta sentsibilizazio ekintzak landu dituzte. Hain zuzen, ikastetxe bakoitzak bere alorreko jakintzak aplikatu ditu proiektuan.

Tolosaldea LHII-ko ikasleek etxebizitzetan energia ikuskaritzak egin ahal izateko txantiloi batzuk sortu zituzten, informazio guztia modu bateratuan jaso ahal izateko. Inmakuladako ikasleek egin dituzte ikuskapenak, Peñascal Kooperatibaren tutoretzapean dauden 6 pisutan, eta bertan bizi diren ikasleek ondoren energiaren erabilera egokiagoa egiteko gomendio batzuk jaso dituzte.

Datuen azterketa ere Tolosaldea LHII-ko ikasleek egin dute, eta lortutako datuez gain, fakturak eta etxeetako sistemak ere aztertu dituzte. Tresna elektrikoen kontsumo neurgailuak edota programatzaileak instalatzeko beharra ondorioztatu dute.

Azkenik, Fraisoro eskolakoek, elikagaien eraldaketa zikloan beraien instalazioetan erabiltzen dituzten tresnen eta klimatizazio sistemaren inguruko datuak aztertu dituzte. App baten bidez tresna bakoitzaren kontsumoa kontrolatu ahal izan dute.

Bi hamarkadako ibilbidea

Duela 22 urte hasi zen Tolosa Agenda 2030 proiektuarekin lanean; 15 urte dira Tolosaldea Garatzenek eskualde mailako estrategia bateratua kudeatzeari ekin zionetik, eta denbora horretan garapen jasangarri baterantz garatutako estrategiak balioan jarri ditu Garbiñe Mendizabal teknikariak: «Eskualde mailan energia alorreko estrategia bateratua egiten gabiltza erakunde publiko, pribatu eta ikastetxeekin. Lanketa hau urrats bat gehiago da norabide horretan, elkarlanari esker».

Garapen agentziak, ikasleek egindako gomendio horiek eskuorri eta kartel batzuetara eraman ditu, gainera, eta ikastetxe eta gune publikoetan jarriko dituzte herritarren eskura. Tolosako eta Zizurkilgo udalek ere babestu dute proiektua. Tolosaren kasuan, esaterako, energia gaietako hirigintzako teknikariak aholkularitza eman die ikastetxe eta ikasleei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!