ERREPORTAJEA

Tolosarren irudikapena pinturan

Leyre Carrasco 2024ko mai. 10a, 07:58

IƱaki Caballero Angel Caballero osabaren lanen erakusketa antolatu du Aranburun. L. C.

Angel Caballero tolosarraren marrazkiak ekainaren 1a arte izango dira ikusgai Tolosako Aranburu jauregian; bere iloba den Iñaki Caballerok antolatu du erakusketa, artista omenduz.

Angel Caballero Amondarain (Tolosa, 1912-1977) karikaturagile ospetsua izan zen Tolosan. Iñaki Caballero (Tolosa, 1953) bere ilobak deskribatu bezala, «oso bohemioa eta dibertigarria zen, eta espiritu gaztea zuen». Marraztea zen bere zaletasuna eta Tolosako herritarrak zituen horretarako modelo. «Telebista ikusten ari zela arkatz bat izaten zuen beti eskura, eta pantailan norbait duina ateratzen zenean, hura marrazten zuen; ni txundituta geratzen nintzen». Trebetasun berezia zuela dio Iñakik, «ezaugarri guztiekin geratzen zen eta hori karikaturaren alderik zailena da».

 

Iñaki Caballero: «Ezaugarri guztiekin geratzen zen eta hori karikaturaren alderik zailena da»



Angel 1977an zendu zen, eta bere lanak itzalean gordeta geratu dira geroztik. «Osaba hil zenean, bere etxera joan ginen hura ustera, eta marrazki ugari zituen karpeta bat aurkitu genuen. Gehienak apunteak ziren, batzuk amaitu gabeak, baina erakusketa txukun bat antolatzeko balio zuten», kontatu du. Angelek denetik marrazten zuen. Izan ere, arte aplikatuen eskolan ikasi zuen, eta bertan egin zituen zenbait ariketa gaur arte kontserbatu dira. «Erretratu serioagoak ere egin zituen, eta denboraldi batean publizitate agentzia batean ere aritu zen lanean. Hala ere, marraztea zaletasuna zuen», gehitu du.



Tolosarraren marrazkiek lehenengoz ikusiko dute argia. Izan ere, Iñakik osabaren karpeta ikusi zuenetik erakusketa bat antolatzeko ideia izan zuen buruan, «pena ematen zidan lan hauek guztiak gordeta uztea eta osaba omentzeko modua izan zitekeela pentsatu nuen». Iaz, proba batzuk egin ostean, Jokin Arsorena Tolosako Kultura teknikariarekin jarri zen harremanetan. «Ideia bikaina iruditu zitzaion eta aretoa apirilaren amaierarako prest izango nuela esan zidan». Guztira 82 lan bildu dituzte, eta ekainaren 1a arte Tolosako Aranburu jauregian izango dira ikusgai.



Zirriborrotik azken emaitzara

Angelen lanak bildu eta txukuntzeaz arduratu da Iñaki, baita bertan azaltzen diren protagonistak identifikatzeaz ere. Erretiroa hartu eta berehala jarri zen erakusketa antolatzeko lanekin. Lehenik, lanak banatzen hasi zen. «Garai hartan paper eskasia zegoen eta osabak papera ahal zuen moduan erabiltzen zuen». Karikatura ugari orri bakar batean bilduta edota gutun-azaletan aurkitu zituen, baina horiek hasierako frogak edo zirriborroak besterik ez zirela gehitu du, «azken emaitza orri txukun batean marrazten baitzuen».



Ondoren, ordenagailura pasa eta koloreztatuta ez zeudenak margotu zituen. Artistak gouache izeneko margoa erabiltzen zuen eta Iñakiren esanetan, «material hori oso ondo mantentzen da normalean, horregatik, erakusketan jarriko ditugun lanak oso egoera onean daude eta horien kolorea ezin hobeto ikusten da». Zirriborroak, ordea, ez daude koloreztatuta, «hori arkatzez egiten zituen, baina, normalean, azken artea beti koloretan izaten zen, obrari ikusgarritasun handiagoa ematen baitzion».

Amaitzeko, protagonista bakoitza identifikatu eta izendatu egin zituen marko beltz batean. Horretarako, Angelen beste iloba bat den Imanol Irastorzaren laguntza izan du prozesuan. Lan asko, ordea, ezezagun bezala geratu dira, «ez zegoelako nortzuk ziren jakiteko modurik». Horregatik, erakusketara gerturatzen diren herritarrek falta diren marrazkietako protagonistak nortzuk diren jakinarazteko eskatu du Iñakik, «horrela identifikatzeko falta zaizkigun horiek behar bezala izendatuko ditugu».

Umorea uztartuz

Garai horretan, Angel ez zen euskal karikaturagile bakarra izan. Tartean, Felix Llanos beasaindarra edo Goyo Vela tolosarra ere izan ziren. «Lanen kalitatea, berriz, ez zen nire osabarena bezain hobea izan; izan ere, nire osabak trazu berezia zuen, eta ukitu umoristikoa ematen zien beti, protagonista bakoitzari mozorro xelebre bat jarriz», azpimarratu du Iñakik.

Esaterako, Marta zapata dendako arduraduna zen Alvaro Prada marinelez jantzita marraztu zuen, zapata baten gainean, itsasontzi bat izango balitz bezala, teleskopio eskuan zuela. Iñakik gogoan ditu ere Javier Bello Portu orkestra zuzendariaren edota Kalandria ezizenez ezaguna zen beste gizon baten karikaturak. «Azken honi txori baten gorputzarekin marraztu zion, kalandria txori baten izena baita», gehitu du.

Marrazkiek arrakasta handia izan zuten garai hartan, «umorez marrazten baitzituen, baina inoiz ez tonu iraingarri batekin». Jendeak gustura hartzen zituela gogoan du Iñakik, «nahiz eta, agian, norbaitekin liskar txikiren bat izan zuen». Hala ere, artista bera ere «xelebrea» izan zen, «beti gabardina zuri luze batekin eta txapelarekin ateratzen baitzen kalera, eta oso ezaguna zen, baina ez bere janzteko moduagatik soilik, oso herrikoa baitzen».

Angelek tolosar ezagun ugari marraztu zituen, baina gehienak 20, 30 eta 40 urteetan jaiotakoak izan ziren. «Erakusketa polita izango da, belaunaldi horretakoak garenok oroitzapen asko sortuko dizkigulako, baina gerturatzen diren gazteek, berriz, arteaz gozatzera joango dira eta hori ere eskertzekoa da», azpimarratu du.



Helburu ekonomikorik gabe

Marrazkigintza afizio zuen Angelek, eta bere ilobak ziurtatu bezala, «ez zuen dirurik lortzen bere artelanengatik». Hala ere, bere ustetan, «lanen bat argitaratu edo saldu zuen, baina horrek ez zion bizitzeko eman. Karikaturagileek zaila zuten hori ofizio sortzea, egunkari batek kontratatuz soilik lortu zezaketen hori, baina tirada handiko egunkariekin soilik lortu zitekeen».

Horregatik, normalean, bere artelanak oparitzen zituen. «Herriko norbaiten karikatura marrazten zuenean, txukun markoztatu eta oparitu egiten zuen, horregatik, erakusketa osatzeko lan asko falta dira». Hortaz, Iñakik dei egin die herritarrei, erakusketan ez dauden karikatura amaitu horietakoren baten berri dutenei berarekin harremanetan jar daitezen: «Bilduma osatu ahal izatea ikaragarri gustatuko litzaidakeelako eta nire osaba Angelen artea estimatzen jarraitzeko nahikoa izango nuke pieza paregabe horiei argazkia ateratzea».

 

Iñaki Caballero: «Polita da karikatura bereko faseak ikustea; zirriborrotik amaiera arte»



Hala ere, ehunka lan gorde dituzte denbora honetan guztian, eta Iñakiren esanetan, «polita da karikatura bereko fase ezberdinak ikustea; zirriborrotik amaiera arte».

Lekukoa

Caballero arkitektoa da, eta marraztea ere gustuko du. «Ume nintzenean askotan joaten nintzen osabaren etxera, eta bera izan zen marrazten irakatsi zidana. Ni oso narrasa nintzen, eta zerbait txukuna marrazten saiatzen nintzen arren, ez zitzaidan ondo ateratzen», kontatu du. Hala ere, 17 urte zituela bere lehen marrazki geometrikoen erakusketa egin zuen Tolosako liburutegi publiko zaharrean, egungo Gipuzkoako Artxibo Orokorrean.

Bere osabaren haria jarraituz, marrazki ikastaro bat egiten ari da Donostian, eta marrazki klasiko ugari egiten dituzte ikatz-ziriarekin. Karikatura munduan murgiltzeko saiakerak ere egin ditu, «baina ez du zerikusirik nire osabak egindakoarekin, ez da batere profesionala».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!