Donibane Lohizuneko erailketa salatu dute

Ataria 2024ko mai. 6a, 19:32

Tolosan mugimendu feministak deituta Trianguloa plazan egin duten elkarretaratzea.

Mugimendu feministak deituta elkarretaratzea egin dute ostiralean Donibane Lohizunen izandako erailketa matxista salatzeko; «benetako neurriak» hartzea exijitu dute.

Emakume bat hilda aurkitu zuten pasa den ostiralean, Donibane Lohizuneko (Lapurdi) hotel batean, eta erailketa matxista salatzeko hainbat elkarretaratze egin dituzte eskualdean, mugimendu feministak deituta. Hain justu, Tolosan (argazkian), Aiztondon –Villabona eta Zizurkil arteko oinezkoen zubian– eta Anoetan egin dituzte elkarretaratzeak.

Lehen zantzuek erakusten dutenez, ostiralean hilda aurkitu zuten 33 urteko emakumearen hilketa «krimen bortitza» izan zen. Hala adierazi du Jerome Bourrier Baionako prokuradoreak. Gertatutakoa argitzeko ikerketa zabalik dago oraindik ere; «feminizidioa» aipatu du prokuradoreak, hilketa matxistaren hipotesiari indar emanez, eta aurrez prestatutako hilketa bat izan daitekeelakoan dago. Delitu hori biziarteko kartzela zigorrarekin zigortzen du Frantziako legediak. Hortaz gain, Bourrierrek iragarri du hildakoaren bikotekidea, ustezko hiltzailea, atxilotuta izango dutela epaiketa egin arte. Gorpua aurkitu bezain pronto atxiki zuten 37 urteko gizona, galdekatzeko; jakinarazi dute oraingoz ez dutela aske utziko.

Mugimendu feministak irmoki gaitzetsi du azken erailketa matxista. «Indarkeria matxistak hamaika aurpegi ditu eta emakumeok bizitzako alor guztietan jasaten dugu indarkeria hori». Hala, lehen mailako gai politikotzat hartzea eta «benetako neurriak» behingoz hartzea exijitu dute. «Saretze feministak egingo gaitu libre», esan dute.

Tolosako Udalak ere bat egin du elkarretaratzearekin eta emakumearen familiarekiko eta gertukoekiko elkartasuna adierazi du. «Herriko mugimendu feministarekin eta eragile sozialekin elkarlanean, indarkeria matxista desagerrarazteko borrokan jarraitzeko konpromisoa berresten dugu, indarkeria matxistarik gabeko herri baterantz urratsak emanez», adierazi du udalak. Amasa-Villabonako Udalak ere bat egin du elkarretaratzearekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!