Ke eta txingar giroa

Ataria 2024ko maiatzaren 4a

Lau egunez haragiaren plaza izaten ari da Tolosa. Goizean Trianguloa plazan, estreinakoz, Euskal Herriko haragien eta ekoizleen azoka egin dute. Inguruko ekoizleen postuak bisitatzeko eta haragiak dastatzeko aukera egon da. Zumardi txikian, berriz, foodtruck-ak eta zuzeneko musika izan da.

Goizean goiz, eguraldia bezala, motel samar abiatu da Euskal Herriko haragien eta ekoizleen azoka. Orduek aurrera egin ahala, ordea, eguraldia hobetzearekin batera areagotu dira giroa eta jendearen joan-etorriak.

Tolosako Trianguloa plazan lehen ordutik arnas zitekeen ke eta txingar usaina; eta ez da gutxiagorako izan: Txomin Parrillak bertako haragi pieza ezberdinak txingarretan erre, eta horien pintxoak eskaini ditu. Hain zuzen, goizean zehar teknika ezberdinak erabiliz erre dituzte hamar arkume –lau burruntzira eta beste sei zikiro erara–, 60 kilo saiheski, hiru basa-txerri urdaiazpiko eta 30 Lumagorri oilasko.

Aipatutakoez, gain, Zumardi txikira ere izan da gerturatu denik. Bertan 12:00etatik aurrera ari dira hainbat foodtruck-etan denetariko hanburgesak eskaintzen, eta horretan jarraituko dute 00:00ak arte. Eta, ezin aipatu gabe utzi, arratsaldean zehar hainbat DJ-k eta musika taldek eskainiko dituzte kontzertuak.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!