1,5 milioi euro txertatu ditu udalak 2024ko aurrekontuan

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko api. 30a, 19:40

Apirileko osoko bilkuran eman dute mailegu txertaketaren berri; hirigintzari lotutako lanen partidak daude tartean. Diru laguntzen ordenantzaren aldaketa ere onartu dute.

2023ko aurrekontuaren likidazioa egin aurretik, gerakinak berrikusi eta, horiekin, kreditu txertaketa egin du Tolosako Udalak. «Iazko aurrekontuan zeuden diru partida batzuk dira, baldintza batzuk betez gero, aurtengora pasa daitezkeenak», azaldu zuen Estitxu Kortejarena Kontu Hartzailetza eta Diruzaintza saileko zinegotzi arduradunak, atzo ospatu zen apirileko osoko bilkuran.

Guztira 1,5 milioi euro txertatu dira aurtengo aurrekontura. Besteak beste, horien artean daude finantzaketa lotua duen Iurre auzoko urbanizazioa birgaitzeko exekuzio proiektua, Trianguloa plazako berrurbanizazioaren exekuzio proiektua, udaletxeko LED argiteria, Irisgarritasun Planaren eguneraketa, Iurreamendiko babes ofizialeko etxebizitzen hormaren obra eta hilerriko obra.

Iurre auzoko obrari dagokionez, pasa den astean bildu zen kontratazio mahaia, eta azken txostena falta du, esleipen proposamenarena, alegia. Behin hau eginda, kontratua sinatu eta proiektua idazteko lanak abiatuko ditu udalak. Trianguloako berrurbanizazio proiektuaren kasuan, aldiz, udalak dagoeneko esleitu du proiektua idazteko lana; enpresa esleipendunak ere jarria du bermea, eta berehala sinatuko da bi aldeen arteko kontratua, lanak abiatu daitezen.

Genero-eraginaren ebaluazioa

Udal politiketan genero-ikuspegia txertatzeko beste aurrerapauso bat eman du udalak. Izan ere, lantzen dituen tokiko araudi, ordenantza, administrazio-egintza eta plan sektorial eta estrategikoen genero-eraginaren ebaluazioa egiteko jarraibideak onartu ditu, 2024/744 Alkatetza Dekretuaren bitartez.

Berdintasun sailetik proposatutako neurrietako bat izan dela azaldu zuen Goiuri Ezeiza Berdintasun zinegotziak: «Botere publikoek diskriminazioari aurre egiteko betebeharra dute, eta emakume edo emakume taldeen oinarrizko eskubideak betetzen direla bermatu behar dute». Aurrerantzean, beraz, azterketa eta balorazioak egiteko eta helburuen zein neurrien eraginkortasuna neurtzeko erreferentziazko ereduak izango dituzte udal langileek.

Diru laguntzen ordenantza

Otsaileko osoko bilkuran, Diru Laguntzen Ordenantza Orokorraren aldaketa behin-behinekoz onartzea erabaki zuen udalbatzak. Bada, apirileko bilkuran, behin betikoz onartu berri du, bi akats zuzenduta.

Diru laguntza deialdiak egiteko prozedura arintzeko eta aldaketak txertatzeko malgutasuna izateko aldatu da ordenantza. Orain arte, diru laguntza guztiak arautzen zituen ordenantza orokor bat izan du udalak, eta laguntza bakoitza zehatzago arautzen zuen ordenantza propio bana. Urte batetik bestera, irizpideetan aldaketa bat aplikatu nahi izanez gero, aldaketa bietan egin behar zen, prozesua luzatuz. Orain, ordenantza propioak indargabetu dira, eta horien ordez, urtebeteko indarraldia duten oinarri arautzaile espezifikoak izango ditu laguntza bakoitzak. Hain zuzen, 2024ko diru laguntzen deialdi bateratua prestatzen dabil udala, eta ondo bidean, hilabete pasatxoko epean emango da deialdi horren berri.

Tolosako Udala Haurreskolak Partzuergoko organo kolegiatuko kide da, baina oraindik izendatzeke zuen udal-ordezkaria. Aurrerantzean, Aitor Agirresarobe Murgi hezkuntzako zinegotzi arduraduna izango da Tolosako Udalaren izenean organoan parte hartuko duena.

Palestinaren inguruko mozioak

Palestinaren inguruko bi mozio ere izan ziren eztabaidagai osoko bilkuran. Batetik, Palestinarekiko Erantzukizuna Plataformak aurkeztutako mozioa, gehiengo osoz onartua, EH Bilduren aldeko botoekin eta oposizioko alderdien abstentzioarekin. Bestetik, EAJk eta PSE-EEk aurkeztutakoa, gehiengoz onartua, bi udal talde horien babesarekin; udal gobernuko zinegotziek abstentziora jo zuten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!