Arimaz orkestraren kontzertu sinfonikoa, maiatzaren 5ean

Aitor Arroyo Askarai 2024ko api. 23a, 19:59
Arimaz orkestraren kontzertua, joan den martxoan, Altzoko elizan. LEYRE CARRASCO

Piano eta orkestrarako kontzertua izango da eta, obra sinfonikoa denez, ia hirukoiztu egingo da orkestrako kide kopurua: 50 musikari inguru bilduko dira.

Datorren asteko igandean, maiatzaren 5ean, 12:30ean, kontzertu sinfonikoa egingo du Arimaz ganbera orkestrak Tolosako Leidor aretoan. Piano eta orkestrarako kontzertua izango da, eta eskainiko dituzten obrak sinfonikoak izanik, ia hirukoiztu egingo da oholtzan izango den musikarien kopurua, izatez, 50 musikari inguru bilduko dituzte.

Kontzertua hasteko Franz Schuberten Rosamunde (D. 797) obraren zati sinfonikoak interpretatuko dituzte; eta, ondoren, berriz, Clara Schumannen Piano Concerto in A minor (Op. 7) obraren txanda izango da.

Patxi San Sebastian Arimaz orkestrako kidearen hitzetan «erronka eta salto kualitatibo bikoitza» izango da maiatzeko kontzertua, oholtza gainean ohikoa baino musikari gehiago batzeaz gain, doinu aldetik ere «urrats bat harago» joango omen direlako. Izan ere, Arimazek gehienetan musika barroko eta herrikoiak lantzen ditu eta, oraingo honetan, berriz, klasizismo garaiko obrak interpretatuko ditu.

Oholtza gainekoak
Arimaz orkestrako ohiko musikariez gain, taula gainean izango dira, batetik, Tolosako Eduardo Mocoroa musika eskolako flauta, oboe, klarinete zein perkusio jotzaileak; bestetik, Donostiako Musikene goi mailako kontserbatorioko ikasle talde bat; eta, azkenik, Irungo (Gipuzkoa) Luis Mariano Lirika elkarteko musikariak.

Emanaldiko zuzendaria, aldiz, Sara Liton izango da, Musikenen orkestra eta abesbatza zuzendaritza ikasten ari den madrildarra. Litonen iritziz kontzertuan eskainiko dituzten piezak ez direla «ohikoak» eta ez direla «merezi duten maiztasunarekin» interpretatzen: «Bi lanak kontzertuan elkartze hutsak berezi egiten du emanaldia. Aukera ia bakarra izango da biak elkarrekin entzuteko». Horrez gain, aipatu du ez dela «errepertorio erraza» musikarientzat, eta kontzertuan islatuko dela «egiten ari diren lana».

Hori gutxi ez, eta pianoan bakarlari Izaro Yañez tolosarra ariko da. Yañezek, batik bat, Schumannen pieza goraipatu du: «Birtuosismo handia du; deigarria da musika klasikoa entzuteko ohitura handirik ez dutenentzat».

Emanaldiaren jatorria
Francisco Escudero Kontserbatorioan pianoko goi mailako ikasketak egin ditu Yañezek eta haren gradu amaierako ikerketa lana da emanaldiaren abiapuntua. Galdetegi bat prestatu eta Tolosan batxilergoa irakasten duten hiru ikastetxeetan zabaldu du; bertako erantzunetatik abiatuta ondorioztatu du bi obra horiek direla jendeak entzun nahiko lituzkeenak.

Clara Schumannen pieza aukeratu zuten egilearen ezaugarriengatik, eta bigarrena hautatzen lagundu dio San Sebastianek, Arimaz orkestrako kideak, eta azken horrek azaldu du emanaldia osorik «emakumeen osatzen» ahalegin direla: «Saiatu gara programa osorik emakumeekin osatzen, hau da, interpretatzailea, zuzendaria eta konpositoreak emakumeak izaten; baina, azkenean, ez dugu gure ezaugarrietara egokitzen zen besterik topatu eta Schubert aukeratu dugu garai berekoa delako».

Bide beretik, Goiuri Ezeiza kultur zinegotziak eskerrak eman dizkie egindako lanagatik: «Ederra da tolosarron artean sortutako halako maila duten ikuskizunekin gozatu ahal izatea. Bide batez, eskerrak eman nahi nizkizueke Arimaz orkestrako kideei, eta baita laguntzen aritu diren gainerako musikariei ere».

Sarrerak eskuragarri daude dagoeneko eta musika eskolako ikasleek erdi prezioan eskuratu ahal izango dituzte lehen biak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!