Emanaldi berriak, udaberriko kultur programazioan

Tolosaldeko Ataria 2024ko api. 17a, 16:42

Maiatzaren 3ko Mirua taldearen kontzertua bertan behera geratu da, eta horren ordez, JJ. Vaqueroren bakarrizketa egongo da. Gero Axular dantza taldearen saioa, Anariren kontzertua, Arimaz Kamera Orkestraren pianorako emanaldia eta ‘Kanpora sartzen’ antzezlana daude, berrikuntzen artean.

Aldaketak eta berrikuntzak izan dira ekainera bitarte Tolosako Udalak antolatuta duen kultur programazioan. Udalak adierazi duenez, bere arduraz kanpoko arrazoiengatik ekitaldi bat atzeratu da. Bestalde, emanaldi gehiago programatu dituzte uda iritsi bitarteko asteetan.

Mirua talde tolosarrak maiatzaren 3an eskaini behar zuen kontzertua bertan behera geratu da. Disko berriaren argitalpena atzeratu du taldeak eta, horrenbestez, kontzertuaren data berria diskoa aurkeztutakoan zehaztuko da. Kontzertuaren ordez, egun berean, J.J. Vaqueroren bakarrizketa izango da Leidorren, 20:30ean.

Berrikuntzei dagokienean, igande honetan, apirilaren 21ean, Gero Axular dantza taldearen emanaldia izango da Leidorren, 11:30ean. Aurten 20. urteurrena betetzen du taldeak eta hori ospatzeko, taldearen izaera eta ibilbidea erakusten dituen ikuskizuna osatu dute. Hain zuzen, emanaldiaren estreinaldia izango da Tolosakoa, eta elkartasun kutsua izango du, etekinak epilepsia eragiten duten gaixotasun arraroak dituzten pertsonekin lan egiten duen Apoyo Dravet elkarteari bideratuko baitzaizkio.

Arimaz Kamera Orkestrak ere ikasturte amaierako emanaldia egingo du maiatzaren 5ean, igandea, Leidorren, 12:30ean hasita. Piano eta orkestra kontzertua izango da, Izaro Yañez bakarlari gisa dela. Luis Mariano lirika elkartearen laguntza izango du orkestra tolosarrak.

Maiatzaren 24an, berriz, Anari Alberdiren kontzertua izango da, 20:00etatik aurrera. Abeslari azkoitiarrak argitaratu berri duen bere zazpigarren lana, ‘Giza Zarata’ izenekoa, emango du ezagutzera. Emanaldirako sarrerak ostiraletik aurrera izango dira salgai.

Horrez gain, Berdintasun Sailak antzerki emanaldi bat antolatu du ekainaren 28rako: Xabin Fernandez eta Intza Alkain antzezle dituen ‘Kanpora sartzen’. Seropositibo baten egunerokotasunean gertatzen diren kontuak azaleratzen ditu antzezlanak, eta kritika onak jaso ditu. 20:00etan izango da, Leidorren.

Emanaldi berrietarako sarrera guztiak Kutxabanken webgunean eskuratu daitezke eta eszena bonutik kanpo daude.

Kontsultatu egitarau berritua hemen

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!