2003tik Tolosan zinegotzi eta 2015etik 2023ra alkate izan zen Olatz Peon Ormazabal (Tolosa, 1969). Tarte labur batean Gipuzkoan batzarkide izan ondoren, iazko uztailean legebiltzarkide bezala hasi zen. Tokiko politikagintzatik etorrita begirada zabaltzeko abagunea izan duela dio, eta baliagarria izan zaiola herria bere osotasunean irakurtzeko.
Programan diozue osasuna dela Euskadiren ‘lehentasun handia’. Osakidetzan aldaketak eman behar dira?
Uste dut osasun sistema bikaina dugula, 40 urtean eraikia. Egia da, ordea, sistema tenkatua dagoela. Hori gainditzeko neurri zehatzak proposatzen ditugu. Gehienbat, itxaron zerrendak murriztean eta lehen mailako arreta lan karga arintzean jarri nahi dugu azpimarra. Gure osasun sistemaren abiapuntua oso ona dela sinetsita, tentsionamendu hori gainditzea ezinbestekoa dela deritzogu eta horretarako talka plan bat jarriko dugu mahaigainean gobernura iristen bagara.
2024-2025 legealdian eraikiko da Tolosaldean osasun azpiegitura berria?
Eskualdeari zerbitzua emango dion ospitale publiko berria izateko lehenengo Eusko Jaurlaritzak lurrak eskuratu behar ditu eta horretarako kokapena zehaztea beharrezkoa da. Ni udalean nengoenean kokapen egokiena erabakitzeko azterketa egin zen, eta orain, nire harridurarako, zenbaitek zalantzan jartzen dute proposatutako kokapena. Dena den, badakit, gaur egun, Tolosako Udala lan horretan ari dela, lurrak jaurlaritzaren esku uzteko lanean. Epeak txukun-txukun jarraituz gero, eta gaiari lehentasuna emanez gero, legealdia amaitu aurretik Tolosaldeak izan dezake ospitale publiko berria.
Euskadi berrindustrializatzeaz hitz egin duzue. Industria 5.0 delakoa proposatzen duzue. Zer da?
Aberastasuna modu egokian banatu behar dela esaten da, baina horretarako, aurrez sortu egin behar da aberastasun hori. Gure altxor garrantzitsuenetako bat da industria. Euskadiko BPGean %40ko pisua du sektore honek eta horri eutsi nahi diogu. Lankidetza publiko-pribatuaren aldekoak izan gara beti eta pentsatzen dugu sektore indartsua, dinamikoa eta sozialki konprometitua izanik, erronka handiak dituztela enpresek: teknologia berriak, berrikuntza, azpiegiturak, jasangarritasuna, nazioartekotzea, finantzaketa... Guk industria mota guztiak behar ditugu, handiak, ertainak eta txikiak. Industria sare osoak etorkizuneko ibilbidea baliabide nahikotasunarekin egin dezan, administrazioaren babesa behar duela uste dugu.
Polizia eredua aldatu behar dela uste duzue?
Ez dut uste Ertzaintzaren lana bere horretan zalantzan jarri daitekeenik. Inork nahi ez dituen gertakariak pasatzen direnean, lehenik oso ondo esplikatu behar da zer gertatu den, azaldu behar da esku-hartzeak egokiak izan diren edo ez, eta beharrezko bada, berriro ere gerta ez daitezen neurriak hartu behar dira. Hala ere EAJtik azpimarratu nahi dugu, poliziak berebiziko garrantzia duela herritarren babesean eta delituen prebentzioan. Ertzaintza polizia integrala da eta gure autogobernuaren zutabeetako bat. 22 proposamen zehatz biltzen ditugu hauteskunde programan Ertzaintzaren inguruan.
Zein hizkuntza politika bultzatuko duzue?
Orain arteko ibilbideari bultzada bat eman behar zaiola uste dut. Estrategia hori euskalgintzan dabiltzan pertsona eta eragileekin batera diseinatu behar da, ez ika-mikan, baizik eta errealitatea iraultzeko asmoarekin. Egoerarekin jabetzea da lehenengo pausoa eta uste dut horretan gaudela. Ez dugu euskara bigarren mailako hizkuntza izatea nahi. Guk euskara bizitzeko nahi dugu, gure bizitzako esparru guztietarako, bada eskubide kontua ere. Ibilbide oparoa izan da orain artekoa eta balorea eman behar zaio horri, baina aurrera begira geroz eta hiztun aktibo gehiago sortzeko helburuari heldu behar diogu. Ezagutza zen lehen gakoa, erabilera gero eta normalizazioari orain aktibazio soziala gehitu behar zaio.
Igandean EAJ lehen indarra bada, EH Bildurengana joko du gobernua osatzeko?
Bi indar politiko gara, eta erakundeetan elkar hartuta lan egitera ohitzen hasita gaude eta positiboa da, ez dakit, ordea, gobernu programa bat osatzeraino iritsi gaitezkeen. Legebiltzarrean azken urteetan, lege batzuk akordioarekin lortu dira eta legealdi berrian ere egongo da akordiorako abagunea. Horretarako elkarlanerako borondatea behar da, eta lege batzuekin gertatu da, baina beste batzuekin ez; Hezkuntza Legean, adibidez, ez da posible izan, ez dakit ondo zergatik. Akordioak aurreratzen hastea, dena den, alferrikakoa da eta igandean ikusiko da. Gure alderdia, hala ere, ez da haizearen arabera mugitzen, giza balioetan oinarritzen da. Orain 10 urte baino hobeto gaude eta ez dut uste inork zalantzan jarri dezakeenik. Ongizate maila hori gaurkotu eta handitu nahi dugu, ez edozein eratara, elkarlanean eta elkar eraginez baizik. Lurrean ondo sustraituta gaude eta adarrak mundura zabalik ditugu.