Emakumeei bideratutako auto-laguntza taldea jarri dute martxan Tolosan

Ataria 2024ko apirilaren 16a

Libe Muguruza eta Clara Wolfram, Andragoran. ATARIA

Clara Wolfram Perez Berdintasun eragile eta Emakumeen Ahalduntzean adituak dinamizatuko du taldea; ostegunero batuko dira, Andragoran, 17:00tatik 19:00etara.

Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxeak eta Tolosako Udalak, elkarlanean, indarkeria matxista pairatu duten edo pairatzen ari diren emakumeei bideratutako auto-laguntza taldea jarri dute martxan.

Clara Wolfram Perez Berdintasun eragile eta Emakumeen Ahalduntzean adituak dinamizatuko du taldea. Ostegunero batuko dira, Andragoran, 17:00tatik 19:00etara.

Ahalduntze eta erreparazio ariketa bat sustatu nahi dute talde dinamikaren bitartez, espazio seguru batean gertatutakoa edo gertatzen ari dena ulertzeko gakoak emateko, norbere burua eta erabakiak ulertzeko eta maitasuna zer den eta zer ez den bereizteko. 

Saioetan zama arintzeko eta errua, lotsa eta beldurrak desegiteko ariketak egingo dituzte, emozioak kanalizatuz, bizipenak partekatuz, tratu onen eredua sortuz, edo taldearen sostenguarekin konfiantza emanez. Horien bitartez, autoestimua berreskuratzea izango da helburuetako bat. Lanketa tematikoak ere egingo dira, rol, genero-agindu edo maitasunari buruzkoak, besteak beste.

Parte hartzeko, edo zalantzarik izanez gero, Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxearekin harremanetan jarri daiteke, hiru bide hauetako bat erabilita: 943 00 89 67 telefonora deituta, andragora@andragora.eus helbidera idatzita edo etxera bertaratuta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!