ERREPORTAJEA

Glaziarren lurralde utopikorako bidea ahanzturatik berreskuratzeko deia

Irati Irazusta 2024ko api. 23a, 07:58
'Nunavut' ikuskizunaren une bat. NERIHARI

Haurrentzako ipuinen kontaketa oinarri hartuta, dantza garaikidea, soinu-artea eta arte-plastikoak uztartzen dituen proposamena da Nunavut emanaldia; beldurrak, jolasaren beharra eta maitasuna landuz lurralde utopiko bat eraikitzeko saiakera. Nerihari dantza konpainiaren ikuskizuna apirilaren 26an Leidorren ikusteko aukera izango da, hain justu, Dantzaren Nazioarteko Egunaren bezperetan.

Kanada iparraldean dago Nunavut, Groenlandiaren azpian. Inuiten lurraldea da, eta autonomia du 1999az geroztik, 1993an Nunavuteko Lurren Erreklamazio Akordioa sinatu eta sei urteko trantsizioa igaro ondoren. Izenak «gure lurra» edo «gure indarra» esan nahi du inuiten hizkuntzan, eta izen bera eman dio Nerihari dantza-konpainiak bere ikuskizunari: Nunavut. Glaziarren lurraldea. Myriam Perez Cazabon irundarra da obraren zuzendaria: «Esanahia aitzakia hartuta gure indarra irudikatzen duen lur bat eraiki nahi izan dugu».

 

Myriam Perez Cazabon: «Gure indarra irudikatzen duen lur bat eraiki nahi izan dugu» 



Dantzatik haratago doa Nunavut, diziplina horrek adina pisu baitute ipuin-kontaketak, soinu-arteak eta arte plastikoak; zuzendariak onartu du berarentzat «zaila» dela ikuskizunari etiketak jartzea: «Ez dakit horrek bidea errazten duen, edo, kontrara, oztopatu. Ni dantza garaikidetik nator eta dantza gisa etiketatu ohi dut emanaldia, baina antzerki fisiko edo ipuin-kontaketa izena ere emango nioke. Geroz eta gehiago interesatzen zait diziplinen arteko nahasketa hori». Hots, dantza garaikidea oinarri hartuta bestelako arteekin ere aritu izan da elkarlanean aurretik ere, besteak beste, antzerkia, zinema, argazkilaritza, eskultura, musika, diziplina arteko instalakuntza eta erakusketekin.

Beraz, «proposamen eszeniko hibrido bat» da, haurren ipuinetatik abiatuta dantza garaikidea, soinu-artea eta arte plastikoak batzen dituena: «Ipuin-kontaketa harilkatu bat da, baina kontaketa gorputzetan, hitzetan, soinuetan eta materialetan gertatzen da». Istorioen hariak lotzen dituztenak, paisaiak eta pertsonaiak garatzen dituztenak, funtsean, oholtzaren gainean ageri direnak, hiru pertsona dira: Leire Otamendi eta Olaia Valle dantzariak eta Peru Galbete musikaria.



«Behin izandakoari» deika

Proiektuaren asmoa da munstroak, maitasuna eta jolasaren beharra ardatz dituen lurralde utopiko bat eraikitzea; utopia hori imajinatzeko eta sortzeko saiakera dute komunean ipuin guztiek. Sinopsiak dioenaren arabera, «behin izan gineneko lurraldea» da Nunavut, «denbora izozturik mantentzen denekoa, glaziarrek betiko irauten dutenekoa». Lurralde utopikoa sortzea publikoaren esku uzten dute, hari kontakizunaren hasiera eman eta gainerakoa iradoki ondoren. Hasieran «dena geldi» dago, eta «begiratzea eta entzutea besterik ez da geratzen»; horren ondoren, «guztia gertatzen da».

Isiltasuna aldarrikatzen dute komunikazio-bide gisa, eta gelditasuna mugimendu-forma bezala; taula gainean dantzariak baino, pertsonak ikusarazi nahi dituzte, eta haiek dantzatzen ez dutenean zer gertatzen den erakutsi, pasarte geldi eta isilak zainduz. Badago asmo bat horren atzean: «Gaur egungo tendentzia bizkor eta produktibo honetan bultzatzen gaituzte uneoro zerbait egitera, eta, gainera, zerbait hori ahalik eta azkarren egitera. Baina gelditzetik gauza asko deskubritu daitezke, baita ingurura begiratu eta entzute hutsetik ere, eta horri heldu diogu obra honekin: beste tempo bati deitu nahi diogu». Maiz publikoa bera ere ez dago ohituta isiltasun eta gelditasun horretara, eta, Perezen hitzetan, batzuei kosta egiten bazaie ere gisa honetako obrak ikustea eta ulertzea, askok eskertu egiten diete. «Finean, gure lana ere bada honelako proposamenak eskaintzea eta gehiago kostatzen zaion publiko hori ohitzea, kontsumo honetara heztea».



Sinopsiak honela jarraitzen du: «Bertan ikasi genuen zuhaitzetatik zintzilika ibiltzen, zuhaitzik gabeko eremuan. Bertan jaso genuen piztiaren besarkada. Bertan ziren aske, haizeak korapilaturiko gure adatsak». Hala, lurralde horretara itzultzeko bidea «ahanzturatik berreskuratzeko» deia egiten diote publikoari. Haurtzaroarekin lotura estua du proposamenak, bizitzako aldi horretako jolasekin, beldurrekin eta maitasunarekin, eta garai hartan izandako ume horiek piztu nahi dituzte, lo dauden sentimendu inozenteak esnatu: «Noiz utzi genion haur izateari? Noizbait utzi al diogu? Noizbait utziko al diogu?».

Kontakizunean txikienak erakartzeko haurrentzako ipuin asko hartu dituzte erreferentzia gisa, horrek ez du esan nahi, ordea, ikuskizuna haiei bakarrik dagoenik bideratuta, belaunaldi guztiekin pentsatuta sortu baitute: «Joera handia dago haurrentzako eta helduentzako ikuskizunak bereizteko, baina guk horrekin apurtu nahi izan dugu, adin guztietako publikoa batzea da asmoa».

Glaziar zurien gainean, kolorea

Elurrez eta izotzez inguratuta bizi diren inuitek, tartean Nunavutekoek, 30 zuri-tonu baino gehiago bereizten omen dituzte, eta tonu horietako batzuk ditu oinarrian emanaldiak. «Glaziarren lurraldea» deitu diote, eta nahiz eta eszenaratzeak asko duen glaziarren zuritasunetik, bizitasunik ez da falta oholtzan. «Lurralde utopiko horretako paisaia zuria imajinatzen genuen; izan ere, orri zuriaren gainean nahi dugun guztia eraiki daiteke. Transformazio bat bideratu nahi izan dugu, lehenengo hutsetik zuritasunera eta zuritasunetik kolorera gero». Perezen arabera, haurren ipuinetako ilustrazioei erreparatuta konturatu ziren koloreek indar handia daukatela, eta batez ere arropen bitartez lortu dute indar hori oholtzara eramatea. Dantzariak eta musikaria hasieran zuriz jantzita taularatzen dira, baina pixkanaka eraldatu egiten dira, jantziak koloretako bihurtzen. Plastikoz eta oihalez egindako materialak dira jantzi bihurtzen direnak, eta hori guztia Klara Vergini diseinatzailearekin landu zuten; bera da jantzien eta materialen atzean dagoena.



Material eszenikoak jantzietarako eta atrezzorako ez ezik, musika egiteko ere erabiltzen dituzte, eta, horiez gain, ahotsak eta dantzariak eurak dira soinu-giroa sortzen dutenak; ez dago musika-instrumenturik, ez, behintzat, «instrumentu» entzun eta burura etortzen zaigun horietakorik. Idoia Hernandez hasi zen musikarekin lanean proiektuaren hasieran, eta Peru Galbetek hartu dio lekukoa ondoren. Zuzenean egiten dute musika, paisaien eta gertakizunen arabera joaten dena garatzen, eta soinu horrek girotzen du kontakizuna.

Iraungitze-dataren kontra

Perezek diziplina honetan hainbat urte egin ondoren, 2016an Nerihari konpainian bildu eta gorpuztu zuen bere jarduna; bera da konpainiaren bizkarrezurra, eta lantaldea aldatu egiten da proiektu batekin edo bestearekin dabilen. Dantza garaikide «biluzia» egiten dute, «fina, gardena eta zehatza». Tolosan eskainiko dutena bosgarren lana da, Nere azalean arrotz, Mutu, Iceberg eta Hiru (3)ren ondorengoa; geroztik, 40. bidegurutzea proiektu zabalean ere badabiltza han-hemen, eta horren barnean, aurre-proiektu gisa, Entzuten nauzu? Zeozer kontatu nahi nizuke. Saiakera gorpuztu bat proposamena landuko dute Sortutakoak 23 egonaldian. Hala ere, azken hau erritmo geldoan ari dira eramaten, hausnarketarako tartea zaintzeko: «Uneoro galdetzen diot neure buruari nola eta zertarako sortu behar dudan». Pieza guztiak elkarren artean lotura zuzenik ez badute ere, guztiek dute azpigai gisa komunikazioa: «Niretzat dantza komunikatzeko tresna da».

 

Myriam Perez Cazabon: «Proiektuen iraungitze-dataren kontra borroka egiten saiatzen gara» 



Nunavut 2022ko ekainean aurkeztu zuten Donostiako Gazteszenan, eta oraindik ere badu biderik urratzeko. «Proiektuen iraungitze-dataren kontra borroka egiten saiatzen gara. Badirudi uneoro lan berriak sortu behar ditugula, baina sinesten dugu ikuskizunek bizitza luzeagoa daukatela eta merezi duten denbora hori ematen saiatzen gara». Obra honetaz gain aurten ikusteko aukera izango da Iceberg ere —2019an estreinatua—, eta Hiru (3) joan den urte amaieran erakutsi zuten. Oraindik publikoaren aurrean aritu ahal izatea obrek izandako harrera onaren ondorio da: «Gaur egun ez da batere erraza honelako proiektuak eszenaratzea, besteak beste, geroz eta gehiago garelako honetan ari garenak».



Hala ere, uste du mundu horretan dabiltzan artista-kopuruak gora egiteak bultzada eman diezaiokeela arte eszenikoena «lanbide duin» bihurtzeko saiakeran; izan ere, ez da onena arte mota horren egoera Euskal Herrian, asko kostatzen baita antzokiak, plazak eta aretoak betetzea eta artistak esparru horretatik kanpo ere aritu behar izaten baitu maiz. «Oso zaila da bertatik bizitzea; gaur egun, erakundeek dantza ez dute lanbide bezala hartzen, ezta gu profesional gisa ere». Horrez gain, irundarrak uste du antzokietara joateko ohiturak behera egin duela azken urteetan, nahiz eta oraindik baden emanaldietara maiz joaten denik. Hala ere, Bidasoaren beste aldean egoera bestelakoa omen da: «Nik, Irunen bizi naizenez, maiz egiten dut jauzi Ipar Euskal Herrira, eta han publikoaren harrera zabalagoa izan ohi da, egunerokoan ohitura handiagoa dago antzokietara joateko».

Dantzaren Nazioarteko Eguna

1982az geroztik apirilaren 29an Dantzaren Nazioarteko Eguna ospatzen da, Jean-Georges Noverre ballet modernoaren sortzailearen omenez, 1727ko egun horretan jaio baitzen Parisen ballet-dantzari eta irakaslea. Egun horren bitartez Antzerkiaren Nazioarteko Institutuak —ITI— dantzaren unibertsaltasuna aldarrikatzen du, hesi politiko, kultural eta etniko guztien gainetik, eta horretarako nazioarteko ospakizun bat antolatzen du. Bide batez, egun berean diziplina horretan ospea duen norbaitek idatzitako mezua mundu osoan zabaltzen da; iaz, esaterako, Yang Liping dantzari eta koreografo txinatarrak idatzi zuen Dantza - Munduarekin komunikatzeko bidea izeneko mezua, eta apirilaren 29ari aste osoko ospakizuna eskaini zioten Shangain (Txina). Ikusteko dago aurtengoa nork eta non zabalduko duen.

Plazer duen haur, gazte eta heldu orok aukera izango du egun horren atarian, apirilaren 26an, 20:00etan Leidorren behin izan gineneko lurralde utopiko hura eraikitzeko, ahanzturan dagoen haur hori berreskuratzeko, beldurrak, jolasa eta maitasuna zentroan jartzen dituzten ipuinak gidari izanda dantza garaikideaz, musikaz eta arte plastikoez gozatzeko. «Plazera» izango da Nerihariko lantaldearentzat ere, amaitu du Myriam Perez Cazabon zuzendariak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!