Eukene Larrarte ez da Parisko Olinpiar Jokoetan izango

Ataria 2024ko apirilaren 15a

Eukne Larrarte txirrindualri tolosarra. RFEC

Kanadan jokatu den Nazioen Kopan zuen aukera txirrindulari tolosarrak aurtengo Olinpiar Jokoetara joateko txartela lortzeko, baina ez du sailkapena gainditzea lortu.

Pistako txirrindularitzako omnium proban Parisen egoteko aukerak zituen Larrartek, baina ez da posible izan, sailkapenean hamabigarren postuan geratu eta sailkapena gainditu gabe geratu ondoren. Triste hitz egin du tolosarrak Track Piste komunikabiderako egin duen bideoan: «Sentimendu asko ditut momentu honetan. Frustratuta nago, eta triste nago. Lan asko dago atzean, ez bakarrik nirea, baita nire jende guztiarena ere. Orain pentsatzea tokatzen da; agian ez zen niretzako momentua, eta ez naiz egon mailan, eta zerbait sufrimendu bihurtzen bada... Lehiaketa hauetan sentitu dut nire esentzia galdu dudala txirrindulari moduan. Europako Txapelketatik lasterketan ez nuen asmatzen; fisikoki inoiz baino hobe sentitzen nintzen, hankek laguntzen zidaten, baina lastertzeko modua, sentitzeko modua, burua... pixkana desagertzen joan da nire indarra».

Larrartek eskertu die babes mezuak bidali dizkion jende guztiari. Taldeari, Basque Team eta Etxeondori ere eskerrak eman dizkie, baita Emaitz Izagirre entrenatzaileari ere, eta familiari zein lagunei ere. Laura Rodriguez txirrindularia ere aipatu du tolosarrak, eskerrak ematerakoan: «Batera hasi ginen madison probarekin Olinpiar Jokoetarako sailkatu nahian, eta aukera hori amaitu zenean, nirekin batera egon da lehiaketa guztietan, mundu guztian zehar, babesa emanez».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!