Taldearen garaipena Lander Lasaren agurrean

Ataria 2024ko apirilaren 13a

Redline Mekanika TAKEk denboraldiko azken partida irabazi du. Lander Lasaren azken partida izan da saskibaloi jokalari moduan. Taldekideek sinatutako kamiseta oparitu dio klubak.

Emozio handiko amaiera izan du Redline Mekanika TAKEren denboraldiko azken partidak. Batetik markagailuari buelta ematea lortu dute eta 75-65 irabazi diote Gipuzkoa Basket Easo taldeari. Bestetik, Lander Lasa tolosarrak saskibaloi jokalari izateari utzi dio, bere azken partida jokatuz.

EBA ligan lehiatu da denboraldi honetan TAKEren gizonezkoen lehen taldea, eta ez du urte erraza izan. Usabal itxita izan zen denboraldiaren hasieran langileen grebarengatik, eta Beasainen entrenatu eta jokatu zituzten etxeko partidak. Hainbat partida ere oso puntu gutxigatik galdu dituzte, eta azken laugarren bukatu dute denboraldia, jaitsiera postuetan. Goar Artetxe entrenatzaileak balantze «oso ona» egin du: «Oso talde gaztea dugu eta oso lan ona egin dute jokalariek, bai abuztuan hasi ginenetik orain apirila arte, eta oso harro nago egin duten lanarengatik». Oraindik aukera bat badute EBA ligan jarraitzeko; horretarako beraien multzotik talderen batek mailaz igo beharko luke, eta horrek suposatuko luke Redline Mekanika TAKE mailaz ez jaistea.

Lander Lasak, bere aldetik, partida amaitzerakoan «pixka bat arraro» sentitzen dela azaldu du. «Oso urduri egon naiz azken egun hauetan, lo egiteko arazoak ere izan ditut, eta uste dut ez naizela kontziente ez naizela berriro ere motzez jantziko. Astelehenean baliteke tristeago egotea, baina orain taldeak egin didan harrerarekin eta egin dugun partidarekin oso pozik nago».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!