Pello Otxandiano: «Posible da aldaketa, posible da esperantza»

Ataria 2024ko api. 13a, 17:05

EH Bilduk ekitaldi politikoa egin du, gaur eguerdian, Tolosako Beotibar pilotalekuan, Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpainaren harira. Bertan hitza hartu dute Pello Otxandiano EH Bilduren lehendakarigaiak, Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak, eta Maddalen Iriarte Gipuzkoako bozeramaileak.

Jendez bete da Beotibar pilotalekua, eta bertan izan dira eskualdeko EH Bilduko hainbat alkate eta zinegotzi, eta baita Ander Goikoetxea billabonatarra ere, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan EH Bilduren Gipuzkoako zerrendan laugarren postuan dagoena. Ekitaldia Amaia Agirreren bertsoekin hasi da, eta ondoren agertu dira ekitaldiko protagonistak, Pello Otxandiano buru zela. Maddalen Iriartek hartu du hitza lehendabizi, eta azaldu duenez «jendeak badaki, jendeak igartzen du dagoeneko aldaketa gertatu dela, eta oraindik ere jauzi askoz handiagoa emango dugula». Ondoren, gazte batek hartu du hitza eta gazteak EH Bildurekin bat egiten dutela azaldu du; hori irudikatzeko dozenaka gazte altxatu dira eserlekuetatik eta agertokirantz joan dira, ondoren EH Bilduren boto papera erakutsiz.

Pello Otxandiano lehendakarigaiaren unea iritsi da gero. «Inertzia hautsi eta norabidea finkatu» behar dela esan du. «Aldaketa badator eta ezkerreko independentismoa lidergo papera betetzera deitua dago garai berri honetan. Hau ez da jendarteari beldurra transmititzeko momentua, nahikoa ziurgabetasun dago jada. Jendeak beldurra dio zerbitzu publikoen galerari, alokairua ordaindu ezin izateari, bizitzaren garestitzeari, klima larrialdiari, indarkeria matxistari, gerrari… nahikoa ezegonkortasun dago jada». Otxandianok gaineratu duenez,  «esperantzari bidea emateko gaude gu hemen eta hori egiten da elkarlanaren bidez, herri ikuspegia jarriz erdigunean, komunitateak ematen digun konfiantzarekin, konpromisoarekin eta irribarre handi batekin. Posible da aldaketa, posible da esperantza eta posible egingo dugu EH Bilduk historian izan dituen emaitza elektoral hoberenak lortuko ditu. Aukera zabalik dago. Orain ez bada, noiz? Ilusio berri bat ari da zabaltzen».

Ekitaldia amaitzeko, Arnaldo Otegik hartu du hitza. Espetxetik irten zenean, Belodromoan egin zuen hitz-hartzea ekitaldiaren hasieran gogora ekarri dutela azaldu du. «Enplazamendu bat egin nion orduan Espainiako ezker konfederalari, eta guk orduan esandakoa bete dugu. Ez dizuet eskatzen EH Bildukoak egitea, eskatzen dizuedana da apirilaren 21ean aldaketaren alde egitea. Izan ere, lagunak, Euskal Herrian gehitzen eta hauteskundeak irabaz ditzakeen ezkerra EH Bildu da. Ez despistatu. Irabazi dezakeen indarrari botoa ematea lehentasuna da. Galizian gertatutakoa errepikatzea ez dugu nahi».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!