TOPAk deituta elkarretaratzea egin dute mural berriaren aurrean, gaur goizean. Hainbat kontu azpimarratu nahi izan dituzte bertan: zentro berria, egungo osasun zerbitzua eta Asuncion Klinikako langileak, besteak beste.
«Gipuzkoako eta Euskadiko gainerako eskualdeek aspalditik daukatenaren antzeko osasun arreta» exijitzen jarraitzen du TOPAk. Tolosako suhiltzaileen parkearen aurrean egiteko asmoa dagoen osasun etxea, eskualdeko ospitale bat ez dela izango gogoratu dute: «Orain, zentro berria leku honetan egitea inposatu digute, eta argi eta garbi utzi nahi dugu hemen egin behar dutena ez dela eskualdeko ospitale bat, legebiltzarrean sailburuak berretsi bezala, baizik eta erresoluzio handiko zentro bat. Era berean, legebiltzarrean berretsi zuten ez dituela emango, ez kalitate aldetik, ez kantitate aldetik, gainerako eskualde ospitale publikoek dituzten zerbitzuak».
Kokapenak desabantaila ugari dituela nabarmendu dute TOPAtik: «Besteak beste, leku txikia da halako zerbait egiteko eta sartu-irteteko arazoak egongo dira. Badira Tolosan bertan eta, zer esanik ez, Tolosaldean, kokapen askoz egokiagoak».
Asuncion Klinika publiko egitearen proposamena ere mahai gainean dagoela gogorarazi dute TOPAtik. Baina ez batak ez besteak «gai garrantzitsu» bat ez dutela konpontzen salatu nahi izan dute: Eta bitartean zer? «Zentro berria egin bitartean edo Asuncion publifikatu bitartean, jarraitu behar dugu medikuen %60 baino gehiagok espezialitatea homologatu gabe daukan mediku talde baten esku? Jarraitu behar dugu klinikak ematen duen kalitate hau jasotzen, egoera hau nozitzen; Donostia ospitaleko zerbitzuburuek, 2022ko abenduan, 'bereziki larritzat' jo zuten egoera da, eta eragin duena 'Tolosaldeko jendea Donostia ospitalean noraezean ibiltzea atenditzeko eskatuz'».
Asuncion Klinikako langileak ere gogoan izan dituzte TOPAtik, zer egoeratan geldituko diren galdetuz.
Osasun arduradunei zer egiteko asmoa duten galdetu diete, «Tolosaldeko biztanleok jasaten ari garen egoera 'bereziki larri' hau nozitzen ez jarraitzeko». Politika egiteko inongo asmorik ez dutela gaineratu dute, ekitatea besterik ez dutela exijitzen: «Agintzen duenak agintzen duela, osasun arreta publikoaren kalitatea defendatu egin behar da».