Aldi baterako itxiko dute Tolosako San Blas garbigunea

Ataria 2024ko apirilaren 12a

Tolosako San Blas Garbigunean egingo diren egokitzapen-lanak direla eta, apirilaren 15etik aurrera, astelehena, itxita egongo da aldi baterako. Lanek lau eta sei hilabete arteko iraupena izatea aurreikusten dute.

Tolosako San Blas Garbigunean hirigintza lanak egingo dituzte datozen hilabeteetan. Astelehenean hasiko diren obretan, estalpeko gune bat prestatuko dute tresna elektriko eta elektronikoen hondakinak biltzeko. Horrez gain, instalazioa hobetzeko eta egokitzeko obrak ere (saneamendua, seinaleztapena, edukiontzi berriak...) egingo dituzte. Hori dela eta, aldi baterako itxita egongo da; lanek lau eta sei hilabete arteko iraupena izatea aurreikusten dute.

Obraren kostua 427.503,09 eurokoa da, eta Europar Batasunak finantzatutako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren –NextGenerationEU– esparruan gauzatuko da.

Gauzak horrela, Andoaingo Garbigunea izango da instalazio alternatiboa. Tolosaldeko Mankomunitateko 28 udalerrietako erabiltzaileek, hondakinen bat utzi behar badute, bertan utzi ahal izango dute. Garbigune horrek, obrek irauten bitartean, ordutegia luzatuko du. Tolosaldeko Mankomunitateak kudeatzen duen Andoaingo garbigunea Aranaztegi industriaguneko 1 zenbakian dago, eta ordutegia honako hau izango da:

  • Astelehenetik ostiralera: 09:00-14:00 eta 15:00-19: 00
  • Larunbatetan eta abuztuan: 09:00-13:30


Andoaingo garbigunean utzi ahal izango dira, besteak beste, herritarrek, saltokiek eta eraikuntzako enpresa txikiek sortutako hondakinak. Erabiltzaile bakoitzak 750 kilo eta 2 metro kubikoko gehieneko bolumena garraia dezake astean.

Hondakin onargarriak:

  • Sailkatutako eraikuntza- eta eraispen-hondakinak
  • Kartoia
  • Zura
  • Txatarra
  • Plastikoak
  • Inausketa eta lorezaintzako hondakinak
  • Tamaina handikoak
  • Etxetresna elektrikoak
  • Arropa, ehunak eta osagarriak
  • Gurpilak (partikularrenak bakarrik)
  • Etxeko hondakin arriskutsuak: pinturak, pilak, fluoreszenteak, bateriak, tonerrak, aerosolak...

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!