Trikimailu bat baino gehiago

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko api. 12a, 11:57

Bihar eta etzi, Gure Magia Asteburua ekinaldia egingo dute Tolosan, eta goi mailako lau euskal magok parte hartuko dute. Ikusleak «aho zabalik» utziko dituzten hiru saio izango dira denera, eta Gure Zirkuaren karpan izango dira horietako bi.

Artikulu hau Gipuzkoako Hitzan argitaratu da.

Londres, 1749. urtea. «Mago bat kristalezko botila baten barruan sartuko da gaur», dio egunkariko iragarki batek. Gauean, ezinezkoa zirudiena ikustera joandako herritarrez beteta zegoen antzokia. Baina, oholtzan ez zen inor agertu; txantxa bat izan zen. Ikusleek, haserre bizian, antzokia erre zuten. Bi mende eta erdi baino gehiago igaro dira ordutik, eta, gertakizun horretatik abiatuta, magiaren historian egin izan diren zenbait trikimailu egingo ditu, bihar, Imanol Ituiño magoak, Tolosan. 19:00etan hasita, Botila barneko aztia eta beste hainbat istorio ikuskizuna egingo du Gure Zirkuaren karpan. «Iragarki hura nork idatzi zuen, zergatik egin zuen eta benetan zer gertatu zen asmatzen saiatuko naiz». Hain zuzen ere, Tolosan egingo den Gure Magia Asteburua izeneko ekinaldiaren barruan egingo du ikuskizuna.

Magia eta antzerkia uztartuko ditu Ituiñok. «Berrinterpretazio moduko bat izango da. Magiak izango du ikuskizuneko pisurik handiena, baina antzezlana ere oso garrantzitsua izango da». Azldu du magoak oholtzan bakarrik sentitu ohi direla sarri, eta, hori saihesteko, ohiko teknika bat erabiliko duela. Ikusleak gonbidatuko ditu oholtzara, boluntario gisa aritzeko. Gainera, euskaraz egingo du magia emanaldia lehenengoz, gazteleraz egin baititu orain arte egindakoak. «Estreinaldi mundiala izango da», esan du.

Ituiñoren ikuskizuna asteburu osoan egingo duten Gure Magia Asteburua topaketako lehen saioa izango da. Igandean, berriz, bi saio izango dira. 12:00etan, Magia Poteoa egingo dute, herritarrei magia helarazteko asmoz. «Taberna batetik bestera joango gara, bertatik bertarako magia eginez. Bat-batekotasun handiko saioa izango da, eta askok, hain zuzen, espero ez duten toki batean egingo dute topo magiarekin. Baliteke kopa edo edalontziren batean kartaren bat agerraraztea», azaldu du Ituiñok.

Tor eta Txoborro magoak.

Tolosa, aho zabalik

Magia poteoaren ondotik hasiko da asteburuko saio nagusia; 19:00etan. Gure Magia Gala izenburupean, Euskal Herrian ezagunak diren goi mailako lau mago izango dira. Ituiño bera, Gonzalo Albiñana, Tor eta Txoborro. Adin guztietako publikoarentzat «saio ikusgarriak» egingo dituztela aurreratu du Ituiñok. «Mago klitxetik aldentzen saiatuko gara, Tolosa aho zabalik uzteko asmoz. Aurreiritzi asko daude magiaren inguruan, eta horiek hautsi nahiko genituzke».

Albiñanarekin gala berean parte hartzea «ohore handia» izango dela dio Ituiñok, sona handiko magoa baita. «Guadalajaran jaio bazen ere, familia euskaldunekoa da, Durangaldekoa, eta iaz, Valladoliden ospatu zen 38. Magoen Topaketa Nazionaleko Sari Nagusi Berezia irabazi zuen. Pozez zoratzen dago hura, zirku batean magia egin ahal izateagatik. Magia poetikoa egiten du, ikuskizun zoragarri batean».

Gure Zirkuko protagonistetako bat da Ituiño, eta dioenez, ateren bat edo beste ireki dio bertan aritzeak. Bere iritziz, baina, zirku bat ez da magoentzako erakusleihorik onena. «Gonbidatu batzuk izan ohi gara beti zirkuetan. Hori dela eta, xarma berezia du guretzat zirkuan magia saioak bakarrik egiteko aukera izateak. Morbosoa da».

Gonzalo Albiñana magoa.

Mago gazteak, trikimailu klasikoak

Ituiñok osasuntsu ikusten du magia Euskal Herrian, bai eta Euskal Herritik kanpo ere. «Zalantzarik gabe, magia modan dago», dio. «Geroz eta gazte gehiago animatzen dira trikimailuak egitera. Sare sozialek eta plataforma digitalek asko lagundu dute magiaren sekretuak zabaltzen, eta onuragarria dela iruditzen zait. Zaletasun handiagoa dago gaur egun».

Sare sozialek, halaber, magiaren mundua eraldatzea eragin dutela nabarmendu du. «Lehen, ikusle kopuru jakin bati egiten zenizkion trikimailuak, eta, orain, kamera bati egiten dizkiozu, bideo baten bitartez zabaltzeko». Ikusle gehiagorengana heltzeko aukera ona dela aitortu arren, Ituiño ez da horren aldekoa. «Sare sozialetan bideo oso laburrek dute arrakasta, berehalakoek, eta magiari garrantzi handiagoa eman behar zaio. Beste kutsu bat du eta beste iraupen bat merezi du. Zuzeneko arte bat da magia, eta bertatik bertara ikusi behar da».

Ituiñoren iritziz, «trikimailuak eta emanaldiak etengabe berritzea» izan daiteke zaletasuna areagotu eta ez galtzeko gakoa. Hark, ordea, garrantzi handiagoa ematen dio magoaren nortasunari. «Gaur egun egiten diren trikimailu askok berrehun edo hirurehun urte dituzte. Askotan ikusi ditugu, baina hain dira liluragarriak, ez dute aldaketarik behar». Horregatik, hain zuzen ere, trikimailu klasikoen aldeko aldarria egin du. «Gainera, publikoa etengabe doa aldatzen, eta haurrei ezin zaie ukatu trikimailu klasikoak ikusteko aukera. Zerbaitengatik dira klasikoak».

Egitaraua
  • Apirilak 13, larunbata
    • 19:00. Imanol Ituiñoren Botila barneko aztia eta beste hainbat istorio ikuskizuna, Gure Zirkuaren karpan.
  • Apirilak 14, igandea
    • 12:00. Magia poteoa, Tolosako tabernetan.
    • 19:00. Gure Magia Gala, Gure Zirkuaren karpan. Imanol Ituiño, Tor eta Txoborro eta Gonzalo Albiñana magoen saioa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!