Auzotarren 250 eskaera baino gehiago jaso ditu Tolosako Udalak

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko api. 10a, 07:59

Auzoen Mahaiaren bigarren bilera irekian lehen faseko ondorioak aurkeztu dituzte; aurten, plataforma bat sortuko dute, harreman zuzenerako.

Tolosako Udalak iazko uztailean egin zuen Auzoen Mahaiaren lehen bilera irekia, eta irailean abiatu zuen auzoz auzoko bileren erronda «beharrak detektatzeko eta proposamenak jasotzeko». Urtarrilaren amaierara bitarte ia astero egin dituzte bilera horiek, eta denbora horretan jasotako informazioa aletzen aritu ostean, txosten bat osatu du udalak. Herenegun, bigarren bilera irekia egin zuen udalak, txosten horretan bildutako ondorioen berri emateko. Auzoetako edo auzo elkarteetako ordezkariak ez ezik, interesa zuten herritarrak ere joan ziren, eta pleno aretoan ia ez zen lekurik izan denentzat.

Lehenik eta behin, datu orokorrak helarazi zizkieten bilerara bertaratutakoei. Lehen fasean, 15 auzotako bizilagunekin elkartu da udala. Horietan, 250 eskaera baino gehiago jaso ditu, auzoen egunerokotasunari lotutakoak ia denak; gehienak, 150 inguru, hirigintzari eta mantenu planari lotutakoak dira. Eskaera horien artean, proiektu bat eta 10 proposamen daude, eta udalak nabarmendu egin zuen horien berri izatea. «Lanketa handia eskatzen dute, baita denbora ere, eta ekonomikoki ondo aztertu behar dira», adierazi zuen Josune Sanz Komunitatea eta Gobernantzako zinegotziak.

Lehen fasearen inguruan ondorengo balorazioa egin du Sanzek: «Dinamika oso aberasgarria izan da. Errealitate askorekin egin dugu topo. Behar, ideia eta proposamen asko jaso ditugu auzotarren partetik, eta horrek erakusten du badagoela aktibo izateko nahia».

Auzo elkarteak, eta gehiago

Gehienbat, auzo elkarteak ari dira mahaian parte hartzen, eta Sanzen iritziz «aktibo garrantzitsuak» dira. «Beharrezkoa da auzo elkarte gisa egituratuta egotea, adibidez, laguntzak jasotzeko edota ekitaldiak antolatzeko», gaineratu zuen, eta nabarmendu nahi izan zuen 15 auzorekin bildu dela udala, «eta ez 15 auzo elkarterekin».

Izan ere, badira modu horretara egituratuta ez dauden zenbait eremu edo gune. «Horietan ere beharrak dituzte, eta horiek jasotzeko eta bide emateko aukera zabalik dugu». Horiez gain, elkarterik ez duten baina, beharrak dituztelako, antolatuta dauden auzo edo bizilagun taldeak daude. Horiek ere kanalizatuko ditu udalak, eta auzo elkartea sortu nahi dutenei laguntza emango die.

Behar desberdinak

Udalak bi behar komun atzeman ditu egindako bileretan: batetik, auzoen eta udalaren arteko harreman eta komunikazioa indartu eta errazteko bideak jartzea; bestetik, diru laguntzen kudeaketa arintzeko eta errazteko bidea ematea.

Asteleheneko bileran argi utzi nahi izan zuten landa auzoen eta hiriguneko auzoen beharrak desberdinak direla. Landa auzoan, bideak, sarea, energia eta ura dira behar nagusienak. Hirigunean, berriz, ezaugarrien arabera, auzoen artean behar desberdinak topatu dituzte. Hirigintza eta mantenua, etxebizitza, mugikortasuna eta kultur jarduerak dira behar nagusiak.

Udalaren proposamena

Lehen faseko ondorioak herritarrei helaraztearekin batera, proposamen bat egin zien udalak. «Baliteke auzoan behar puntualak izatea, eta horien berri eman nahi badiguzue, orain arte bezala jarraitu dezakezue. Bestetik, badira jarraikortasuna duten beharrak, Mantenu Planari lotutakoak. Horrez gain, antzeko ezaugarriak biltzen dituzten eremuetan proiektuak sortu eta garatzeko talde izaera izatea ere eskatzen dizuegu. Herri modura egingo dugu, elkarrekin».

Ondorioz, nitik gura igarotzea eskatu zieten herritarrei: «Proposamen guztiei batera ezingo diegu aurre egin, eta pixkana bideratzen joan nahi dugu. Lehentasunak elkarrekin finkatzea eta hori herri ikuspegi orokor batetik egitea nahi dugu, norberak bere ingurua aztertzetik harago, gainerakoena ere kontuan izatea, alegia», esan zuen Sanzek.

Plataforma bat

Datozen hilabeteetan eman beharreko urratsak zeintzuk izango diren azaldu zuen udalak. Batetik, auzo bakoitzarekin bilerak egiten jarraituko dute. Urte honetan bertan, gainera, harreman zuzenerako plataforma bat garatuko du udalak. Bertan, bere auzoko nahiz beste bateko beharren aurrean udalak hartutako erabakiak zein puntutan dauden jakin ahal izango du herritar bakoitzak. Bestetik, eremuka banatu nahi dute herria, beharren antzekotasunaren arabera sailkatuta. 2025ean, herritarren nahiak biltzen dituzten proiektuak diseinatu eta lehenetsiko dituzte, Auzoen Mahaiaren irizpideekin bat etorriz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!