Bertako Haragien Azoka egingo dute maiatzaren 4an, Tolosan

Tolosaldeko Ataria 2024ko api. 9a, 19:58

Maiatzaren 2tik 5era ospatuko den haragiaren inguruko azoka bereziaren barruan egingo dute bertako ekoizleen topaketa, Trianguloan. Postuak jartzeko eskaerak egiteko epea zabalik da jada.

Maiatza iristearekin batera ospatu ohi da Tolosako azoka berezien egutegiko bigarren hitzordua: haragia protagonista duena, alegia. Maiatzaren 2tik 5era ospatuko da aurten, eta haragi mota ugari ezagutzeko eta dastatzeko aukera izango da.

Aurtengo xehetasunak aurrerago azalduko dituzten arren, bada berrikuntza nagusi bat: Bertako Haragien eta Ekoizleen Azoka egingo da aurten Trianguloan, maiatzaren 4an, larunbatez. Inguruko ekoizleen produktuak ezagutzeko azoka izango da, besteak beste, behiki, zaldiki, txerriki, oilaskoki edota ahatekiak. Horrez gain, Zumarditxikian festa gunea ere izango da, eta food truck postuak izango dira, haragi mota ezberdinekin osatutako jakiak dastatu ahal izateko.

Hain zuzen, bi espazio horietan postuak jartzeko eskaerak egiteko epea zabalik da jada, datorren apirilaren 21a bitarte. Zumarditxikian food truck-a jarri edota Bertako Haragien Azokan parte hartu nahi dutenek aurrez eskaera egin beharko dute Udaten edota telematikoki, udal erregistroaren bitartez. Informazio gehigarria, bete beharreko baldintzak eta eskaera orriak eskuragarri daude udal webgunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!