ERREPORTAJEA

Etxeko tresnen erritmora

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko api. 13a, 07:59
Living Room Music. ATARIA

Goi mailako lau perkusio-jotzailek Living Room Music emanaldia eskainiko dute, apirilaren 19an, Leidor aretoan. Ia edozer gauzarekin musika sortzeko gaitasuna azaltzen duen parodia dibertigarria da.

1940an, John Cage musikagile estatubatuarrak Living Room Music obra idatzi zuen. Zehaztu gabeko musika-tresnentzako laukotea da. Tresna horiek guztiak ohiko etxe bateko egongelan aurki daitezke, eta hortik datorkio izenburua. Gerora, Musika Gelaren koordinatzaile Mikel Cañadak izen bereko ikuskizuna eraiki zuen, zenbait konpositoreren lanak gehituta. 2020an bizi izan genuen konfinamenduko oroitzapenak iradoki eta gizakiok, perkusio bidez, ia edozer gauzarekin soinuak, erritmoa eta, ondorioz, musika sortzeko dugun gaitasuna azaltzea zen Cañadaren asmoa.

2020-2021 denboraldian estreinatu nahi izan zuten, baina pandemiagatik bertan behera geratu ziren kontzertuak. Musika Gela hezkuntza-zikloaren 2022-2023 denboraldian berreskuratu zuten, eta iazko urtarrilean, 50 ikastetxe baino gehiagotako 4.700 ikaslek ikuskizunaz gozatu ahal izan zuten Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitzan.



«Perkusioaren mundua zabala eta askotarikoa da», pentsatu zuten Euskadiko Orkestrako perkusio-jotzaileek, Living Room Music ikuskizuna prestatzea proposatu zietenean. Igor Arostegi tolosarra da ikuskizuneko perkusio-jotzaileetako bat. Apirilaren 19an, 20:00etan hasita, Tolosako Leidor aretoan egingo dute saioa. Arostegirekin batera, Anthony Lafargue eta Hector Marques Euskadiko Orkestrako perkusio-jotzaileak eta Gorka Catediano ariko dira.

 

Igor Arostegi: «Buruari eragin behar zaio, ahalik eta instrumentu eta soinu berri gehiago lortzeko»



Perkusiozko instrumentuentzat egindako obra bitxi asko ezagutzen zituztela aitortu du Arostegik, tartean, Leidorren interpretatuko dituztenak. «2020an, berrogeialdiaren ondorioz, estilo honetako obrak lantzen genituen etxean, bertan genituen elementuekin. Gerora, kontzertu bat egitea bururatu zitzaigun, erakargarria izango zena, ezohiko instrumentuak erabiliz». Lau perkusio-jotzaile eta egongela bat ikuskizun bat osatzeko nahikoa ote diren galdetuta, ondorengo hausnarketa egiten du tolosarrak: «Buruari eragin behar zaio, ahalik eta instrumentu eta soinu berri gehiago lortzeko».

Argia eta ura ikusi, eta entzun

Ia edozer gauzarekin soinuak, erritmoa eta, ondorioz, musika sortzeko gaitasuna azaltzen duen parodia dibertigarria da Living Room Music. Itxura batean, haurrentzako saio bat izan daitekeela pentsa dezake bakarren batek. Arostegi, ordea, ez da iritzi berekoa: «Zirkuarekin alderatuko nuke. Pailazoa haur eta nerabeen arreta erakartzeko erabiltzen da. Kasu honetan, aktore batek kontalari lanak egiten ditu. Baina, zirkuan maila altuko saio gehiago izaten dira, publiko mota zabalagoarentzat. Gurea, publiko osoari, haurrei zein helduei, txundituta uzteko moduko ikuskizuna da».

 

Igor Arostegi: «Publiko osoari, haurrei zein helduei, txundituta uzteko moduko ikuskizuna da»



«Emanaldi berezi eta berritzaile» modura deskribatzen du tolosarrak emanaldia. Arestian aipatutako Living Room Music obraz gain, beste zazpi ere interpretatuko dituzte, guztiak indartsuak. «Obrak originalak dira, ezohiko instrumentuentzat propio idatzitakoak, kalitatezkoak, eta entitate handikoak». Publikoari perkusioaren mundu zabal hori ezagutaraztea izango da saioaren helburu nagusia. Horretarako, ezinbestekoa izango da ikusleen arreta bereganatzea. Arrazoi jakin batengatik sartu ginen abentura honetan, bestela ez genituzke horrelako dimentsiotako obrak landuko».

Etxeko tresnak erabiliz gauza harrigarriak egin daitezkeela erakutsiko du laukoteak. «Obra batzuk oso ikusgarriak dira, eta aldi berean, edozein elementurekin perkusioa edo musika egin daitekeela erakutsi nahi dugu. Kantu batean, argien pizte eta itzaltze efektuekin, etengailuen hotsarekin, eta biak uztartuta sortzen den erritmoarekin jokatzen dugu. Beste batean, berriz, urarekin. Ura ikusteaz gain, entzun ere egin daiteke».

Entzuten ez ezik, ikusten ere gozatu daiteke emanaldian. «Perkusiozko instrumentuen familia askotarikoa izatea oso aberatsa da. Instrumentu desberdin asko erabiltzen ditugu, eta beraz, erraza da ikuslearen arreta bereganatu eta inoiz ez galtzea. Instrumentu modura erabiltzen ditugun tresnekin jokatzeak, hala nola, argiekin edo urarekin, asko laguntzen du».



Ohiko instrumentuak ere erabiltzen dituzte, besteak beste, danborrak eta xaflazko instrumentuak. «Azken horiek, melodiazko pasarteetarako erabiltzen ditugu. Ez genituen gehiegi erabili nahi, berez, etxe edo apartamentu batean gaudelako, eta hortaz, perkusio-jotzaileok etxean izaten ditugun instrumentuetara mugatu nahi genuelako emanaldia».

Nerabeetatik helduetara

Arostegik ederki gogoratzen ditu iazko urtarrilean ikasleentzat egindako kontzertuak. «Esperientzia oso ona izan zen, baina intentsitate handikoa. Zazpi egunetan 14 kontzertu egin genituen, egunero bi. Harrera ikaragarria izan zuen, eta ni behintzat txundituta geratu nintzen umeek jarritako arretarekin. Adin horietan ez da erraza izaten emanaldi bat hasieratik bukaerara jarraitzea, eta egia esan, erantzun bikaina izan zuten. Gainera, helduek, irakasle zein gurasoek, behin eta berriz esan ziguten guk egiten genuena ez zela haurrentzat bakarrik. Hori zen asmoa, eta horregatik ez zait etiketa hori gehiegi gustatzen».

Akaso, orduan jabetu ziren helduentzat ere gustagarria izan zitekeela. «Haurrentzat proiektu bat sortzen duzunean, ez zara dimentsio handiko obra edo saio batean pentsatzen hasten. Gure kasuan, zailtasun handia duten obrak behin eta berriz landu eta entseatzeak, ordu gehigarriak sartzea eskatzen du, eta beraz, behin eta berriz pentsatu genuen ea merezi izango zuen. Ilusioa, ordea, ez zen bakarrik haurrena, eta badirudi bere efektua lortzen ari dela».

Aipatutako iazko ikasleentzako saio horiez gain, bi saio gehiago egin zituzten, kontzertu formatuan. «Helduei zuzendutako emanaldiak izan ziren, aktorerik eta antzezpenik gabe. Musikariok azaldu genituen obren nondik norakoak. Orduan, hari edo trama kendu genuenez, instrumentu eta obra gehiago sartu genituen saioan. Hala ere, oinarria bere horretan mantendu genuen». Tolosan egingo duten kontzertuan, aktore batekin ariko dira. «Bi aukerak eskaintzen ditugu, baina Leidorren antzezlanarekin egitea nahi zuten».

«Ilusio berezia»

Etxean aritzea handia izango da tolosarrarentzat. «Ilusio berezia dut. Gertukoak ikustera joango dira, eta beraientzat jotzea pizgarri izango da niretzat. Badakigu areto handia dela, baina betetzea espero dugu». Azken mezu bat du oraindik ikustera joateko zalantzan daudenentzat: «Ez dezatela zalantzarik izan. Oraingoz kritikak oso onak izan dira, eta inori ez diot entzun emanaldi eskasa denik. Familientzat aukera ederra izango da ostiral iluntze bat elkarrekin igarotzeko, baita lagunekin edo bakarrik joan nahi dutenentzat ere».

 

Igor Arostegi: «Oraingoz kritikak oso onak izan dira, eta inori ez diot entzun emanaldi eskasa denik»



Proiektu hau sortu zutenetik, oso erakargarria eta interesgarria iruditu zitzaion laukoteari, baina arrisku bat ikusten ziotela aitortu du Arostegik. «Mota honetako saioak proiektu baterako sortzen dira, baina bere horretan geratzen dira. Ikusten duenak ikusten du, eta listo. Ikuskizuna oso interesgarria da, eta beraz, perkusioa ezagutarazteko aukera izatea ezinbestekoa da».

Horregatik, Tolosan egingo duten ikuskizunaren atzetik, saio gehiago ere egin nahi dituzte, musika zale gehiagorengana iristeko helburuarekin. Maiatzean hiru egingo dituzte Errenterian, bertako ikastetxeetako ikasleentzat. Irailean Iruñerrian egoteko asmoa dute, baina oraindik guztiz itxi gabe dituzte hitzorduak.


SINOPSIA

 

Lau musikari berrogeialdiaren ondorioz harrapatuta geratzen dira urrutiko hiri bateko apartamentu batean. Familiako kideengandik urrun, derrigorrez konfinatuta, nahasita eta urduri samar, musika pixka bat egiteko aukera ematen duten etxeko elementu guztiak aztertzen dituzte: mahaiak, koilarak, haizemaileak, ura, lanparak, loreontziak, eskailerak, zabor-ontziak, eskuak, ahotsak... Kanpoaldearekin duten kontaktu bakarra auzotar indiskretu bat da, egoera berean dagoen soprano bat. Hura, auzokideen «zarata» izugarriengatik pazientzia galtzen hasten da eta etengabe gogaitzen jardungo da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!