14 eta 18 urte bitarteko gazteei jendaurrean bertsotan aritzeko plaza eskaintzea eta zaletasuna bultzatzea dute helburu eskolarteko txapelketek. Udaberri honetan, Gipuzkoako Txapelketaren 44. edizioa jokatzen ari dira. 22 bertsolari hasi ziren parte hartzen eta 6 heldu dira finalera. Ostiral honetan izango da Itziarren, Lasturko tabernan. Eskualdeko bertsolari bat egongo da bertan, Harituz bertsozale taldeko Danel Etxeberria (2007, Tolosa).
Egun batzuk besterik ez dira geratzen Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finalean kantatzeko. Zer moduz zaude?
Ez nuke esango momenturik onenean nagoenik; aurten hobeto ere egon izan naiz. Inauteri aurretik, adibidez, oso gustura aritu nintzen bertso eskolan; ia bat txarra ere ez nuen botatzen. Gero, inauteriak etorri ziren eta oraindik guztiz puntu hori hartu gabe nagoela iruditzen zait.
Nola ari zara prestatzen?
Ez dut prestaketa berezirik egiten, eta aste honetan ere ez dut egingo. Bertso eskolara joan, praktikatu, bertso batzuk bota... Gainera, azken bi asteetan, Aste Santua tarteko, ez dugu eskolarik izan, eta etxean aritu behar izan dut bertsotan; bestela, bi aste geldirik egotea ez da ona.
Ondorengo lanak egin beharko dituzue: lau oinak emanda, zortziko txikian, bertso bat; binaka, zortziko handian, bina bertso; binaka, zortziko txikian, bina bertso; eta banaka, puntu bati erantzun zortziko txikian eta gaia emanda bertso bat, gehienez hamarreko handian. Lan motzak dira.
Bai. Aurten, gainera, bertso eskolan ibiltzen garenon artean, gutxi gara eskolartekoan aritu garenak, eta eskolako bertsolariak bestelako saioetarako prestatzen ari dira. Hori dela eta, ofizioetan, hiruna bertso botatzen aritu izan gara, eta orain, pixka bat kostako zait bi bertsotara moldatzea. Egia da motz samarrak direla lan guztiak, baina jakitun naiz eskolarteko txapelketarako formatu hori izaten dela.
Lan motzen kasuan, hitz gutxitan asko esan nahia izaten da batzuetan…
Bai. Hala ere, lan luzeagoak izaten direnean aurkakoa pasatzen da, betelan gehiegi egoten dela alegia. Tarteka, hitz gutxitan asko esatea kosta egiten da. Nire kasuan, adibidez, bakarkako lanean, hamarreko handian izaten ditut arazo handienak. Hala ere, ongi moldatzen naizela esango nuke.
Martxoaren 22an Oiartzungo kanporaketa irabazita sailkatu zinen finalera. Gustura?
Bai. Sentsazioak ez ziren ikaragarriak izan, baina finalerako txartela lortu nuen. Beraz, oso gustura nago. Hala ere, esango nuke iazko kanporaketan egindako lana hobea izan zela. Ofizioetako gaiak, akaso, ez ziren lagungarriak izan. Niretzat ez ziren aproposenak izan, baina moldatu ginen.
Deseroso sentitu zinen?
Ez nintzen deseroso sentitu. Adibidez, zortziko handiko ofizioan ez nekien gaiari nondik heldu. Ni sare sozialetan argazkiak argitaratzearen alde nengoen, eta nirekin aritu zen bertsolaria horren aurka. Ni beti izan naiz sare sozialetan argazkiak argitaratzearen aurkakoa, eta orduan, pixka bat kosta zitzaidan egokitzea, baina asmatu nuen.
Saioa amaitu ondoren, emaitza jakin aurretik, irabaztea espero zenuen?
Egia esanda, nahiko estu egongo zela uste nuen. Iazko kanporaketako emaitza jakin aurretik, adibidez, errazago irabaziko nuela iruditzen zitzaidan. Azken hiru urtetan parte hartu dut eskolartekoan, eta orain arteko kanporaketa onena izan dela iruditzen zait, alde handiarekin gainera. Gainerako bertsolariak oso ondo aritu ziren, eta ez nuen batere garbi ikusten irabaziko nuenik.
Finaleko bertsokideak kontuan izanda, nolako saioa aurreikusten duzu?
Iazko finalean kantatu genuen sei bertsolarietatik bi mantentzen gara. Gainerako laurek ezin izan dute parte hartu, adinagatik, eta beraz, lau bertsolari berri izango dira. Horietako bat ez dut ezagutzen, eta beste bat ez dut entzun bertsotan azken bi urteetan. Orduan, ez dakit nola arituko diren. Kattalin Arabaolazak, lehen kanporaketako irabazleak, sekulako saioa egin zuen. Lehen urteko bertsolaria da, eta gogo handia dut bertsotan nola egiten duen entzuteko.
Txapelketa honetako bertsolari asko berriak izan dira, iaz kantatu zuten askok ezin izan dutelako parte hartu. Horregatik, maila baxuagoa egongo zela aurreikusten nuen txapelketa hasi aurretik, baina nire kanporaketa nolakoa izan zen ikusita, batek daki finalean zer nolako maila egongo den.
Azken bi urteetan irabazita, June Aiestaran izango da faborito?
Bai. Faborito argia izango da. Oso ondo ezagutzen dut, gainera. Nirekin aritzen da bertso eskolan, eta oso ondo dabil.
Zuretzat hirugarren finala izango da Gipuzkoakoan. Gustura zaude aurreko bietan emandako mailarekin?
Bai, oso gustura nago. 2022an, nire lehen aldia izan zen txapelketan, eta maila ona eman nuela iruditzen zait. Agian ez naiz pertsona egokiena hori esateko [Barreak]. Iazko finalean, berriz, sentsazioak ikaragarri onak izan ziren, eta hori berdintzea kostako zaidalakoan nago. Lehen bi postuetan sailkatzea ez da makala. Iaz, gainera, Euskal Herriko finalerako txartela lortu nuen, eta finalean bertan bigarren fasera sailkatu nintzen.
Eta zein izango da hirugarren final honetarako helburua? Txapelaren lehian aritzea?
Zail samarra iruditzen zait txapela janztea. Iazko nire lehen helburua finalera sailkatzea zen, eta ondoren, lehen bi postuetan sailkatzea; azkenean lortu nuen. Aurten, hori berdindu edo hobetzea izango da erronka. Lortuz gero, oso pozik egongo naiz, baita lortzen ez badut ere, helburu nagusiena finalera sailkatzea zelako. Gozatzera joango naiz.
Beti buruan bueltaka al dituzu oinak eta doinuak?
Bai, baina orain baino gehiago ibili izan ditut. Bizikletan entrenatzera joaten naizenean, askotan, bakarrik banoa, bertsotan hasten naiz. Kuriositate modura, aurreko eskolarteko txapelketetako hasierako eta amaierako agur guztiak bizikletan nindoala pentsatu izan ditut, eta denak ibilbide berean, Betelura bidean, alegia.
Aste honetan, beraz, etapa bera egiteko asmoa duzu?
Beno, auskalo noiz etorriko zaidan inspirazioa!