Goseak egoteko aitzakiarik ez Berazubin

Tolosaldeko Ataria 2024ko api. 3a, 17:50

Berazubi Auzo Elkarteak antolatuta, V. Gastronomika Jardunaldiak ospatuko dituzte Tolosako auzoan, apirilaren 8tik 14ra; bigarrenez egingo dute bonba jaleen txapelketa, eta azken egunean Felix Garrido omenduko dute.

Iaz bezala, aurten aste oso batez luzatuko dute gastronomiaren festa Berazubiko auzotarrek. Bertako auzo elkarteak antolatuta, V. Gastronomika Jardunaldiak ospatuko dituzte apirilaren 8tik 14ra. Azken urteetan arrakasta handia izan duten lehiaketak izango dira, urdaiazpiko tailer bat egingo dute, eta inoiz falta ezin den amaiera ekitaldiko bazkaria. Ohiko moduan, goi mailako sukaldariak eta adituak elkartuko dira Berazubin, batez ere, lehiaketetan epaile izateko. Ekitaldi guztiak Tolosa CF plazan izango dira.

Ogitarteko lehiaketa egingo dute astelehenean, asteartean urdaiazpiko tailerra, eta asteazkenean, entsalada errusiarraren lehiaketa. Hiru ekitaldiak 19:00etan izango dira. Ostegunean, Tolosako V. Patata Tortilla Lehiaketaren txanda izango da, ordu berean. Patata Tortilla Lehiaketako parte-hartzaileek 20:00etan aurkeztu beharko die tortilla epaimahaiari. Auzo elkarteak jarriko ditu osagai nagusiak (patatak, arrautzak, tipula eta olioa) eta tortillek, gutxienez, osagai horiek izan beharko dituzte.

Ostiralean ere, beste lehiaketa bat izango da: Tolosaldeko tabernen arteko IV. Pintxo Lehiaketa. Kasu honetan, tabernari bakoitzak etxetik eramango ditu pintxoaren osagaiak prestatuta, eta platerean jartzea izango da egin beharreko lana. Azken ukituak eman edo prestaketa lanetarako, sukaldea erabiltzeko aukera eskainiko die antolatzaileek.

Larunbatean, hiru lehiaketa izango dira. 11:00etan hasita, Tolosa eta Ibarrako Elkarte Gastronomikoen Arteko IV. Parrila Lehiaketa egingo dute, Carnicas Goyako txuletekin. Carnicas Goyako txuletak erabiliko dituzte partaideek, eta eguerdian egingo dute sari banaketa. 12:30ean, berriz, umeen txanda izango da; 12 urte artekoentzat postre tailerra antolatu du auzo elkarteak. 18:00etan, bonba jaleen txapelketa egingo dute, bigarren aldiz.

Azkenik, 19:00etan, V. Postre Lehiaketa egingo dute. Rafa Gorrotxategi, Raquel Ibañez, Javier Eceiza eta Juan Migel Sorarrain izango dira epaimahaiko kideak. Sariei dagokienez, lehen sailkatuak, txapela eta Gorrotxategi gozotegirako 40 euroko erosketa txartela eskuratuko ditu; bigarrenak, garaikurra eta Saizar gozotegirako 40 euroko erosketa txartela; hirugarrenak, Eceiza Gozotegirako 40 euroko erosketa txartela; eta laugarrenak, Gozona-Ibañez gozotegirako 40 euroko erosketa txartela.

Tolosan erroldatuta dagoen edonork parte hartu dezake tortilla eta postre lehiaketetan, eta izena emateko hiru aukera ditu: berazubiauzoelkartea@gmail.com helbidera mezua bidaliz, 688 740 163 telefono zenbakira deituz edo Berazubi Auzo Elkartearen egoitzara (Elkano kalea 15, behea) bertaratuz.

Ostiral arratsaldean, larunbatean egun osoan zehar eta igande goizean, food truck-ak egongo dira auzoan. Horrez gain, musikaz gozatzeko aukera izango da.

Bazkarirako txartelak, eskuragarri

Apirilaren 14a, igandea, izango da V. Gastronomika Jardunaldien azken eguna. 11:00etan, Tolosa eta Ibarrako Elkarte Gastronomikoen Arteko IV. Bakailao Lehiaketa hasiko da. 12:30ean omenaldia egingo diote Felix Garridori.

Jardunaldiei amaiera emateko, V. Gastronomika Jardunaldien Amaiera Bazkaria egingo dute. Otordurako txartelak auzo elkartean erosi daitezke. Puntako sukaldariek egindako jakiak dastatzeko aukera izango da: Joxe Mari Barriola, Lander Cornago, Iker eta Xabier Zabaleta, Jose Ignacio Ferreras, Mikel Moreno, Felix Belaunzaran eta Rafa Gorrotxategi.

IV. GASTRONOMIKA JARDUNALDIAK
  • Apirilak 8, astelehena
    • 19:00. Ogitarteko lehiaketa.
  • Apirilak 9, asteartea
    • 19:00. Janari osasuntsuen ikastaroa, Guki Ekogunearen eskutik.
  • Apirilak 10, asteazkena
    • 19:00. Entsalada errusiar lehiaketa.
  • Apirilak 11, osteguna
    • 19:00. Tolosako V. Patata Tortilla Lehiaketa.
    • 19:00. Pintxo potea.
  • Apirilak 12, ostirala
    • 19:00. Tolosaldeko Tabernen Arteko IV. Pintxo Lehiaketa.
    • 19:00. Food truck.
    • 19:00. Radio Rebelde.
    • 22:30. Small DJ.
  • Apirilak 13, larunbata
    • 11:00. Tolosa eta Ibarrako Elkarte Gastronomikoen Arteko IV. Parrilla Lehiaketa.
    • 12:00. Food truck.
    • 12:30. 12 urte arteko umeentzat postre tailerra.
    • 18:00. Bonba jaleen txapelketa.
    • 19:00. Food truck.
    • 19:00. V. Postre Lehiaketa.
    • 19:30. Las Fellini.
    • 22:30. Ives DJ.
  • Apirilak 14, igandea
    • 11:00. Tolosa eta Ibarrako Elkarte Gastronomikoen Arteko IV. Bakailao Lehiaketa.
    • 11:30. Food truck.
    • 12:00. Felix Garridori omenaldia.
    • 14:30. V. Gastronomikaren Amaiera Bazkaria. Txartelak salgai Berazubi Auzo Elkartean. 
      • Menua:
        • Iberiar urdaiazpiko festa (Joxe Mari Barriola)
        • Arrain urdina, tupinabo krema errea eta ozpindua, kalabaza-pipekin (Lander Cornago)
        • Nafarroako esparrago freskoak udaberriko zizekin eta arrautza ekologikoa tenperatura baxuan (Iker eta Xabier Zabaleta)
        • Lupia errea, plaktona eta hinojoak (Jose Ignacio Ferreras eta Mikel Moreno)
        • Usarreko Txerri tako errea (Felix Belaunzaran)
        • Postrea (Rafa Gorrotxategi)
        • Kafea (Zabala kafeak)

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!