Kirol instalazioen gaiari buruz ez da akordiorik izan

Ataria 2024ko api. 2a, 17:29

Martxoko ohiko osoko bilkuran kirol instalazioen kudeaketaren kontratua desegiteko espedientea iraungitzea erabaki du udalbatzak gehiengo osoz, eta EAJ abstenitu egin da.

Azaldu dutenez, Auzitegi Gorenak emandako lege interpretazio batek «bete-betean» eragiten dio Tolosako Udalari kirol instalazioen kontratua eteteko zabalik zuen espedienteagatik. Auzitegi Gorenaren sententziaren arabera gaindituta legoke kontratu hori desegiteko espedientea ebazteko epea. Hori horrela, espedientea iraungitzat jo du udalbatzak «aurrera begira babes juridikoa izateko»; eta gaineratu dute hori egin ezean «erabateko deuseztasun-akatsa» izango lukeela. Orain, erabaki horren entzunaldia abiatuko da; eta, behin hori igarota, berriro hasiko da kontratua desegiteko espedientearen tramitazioa.

EAJk, abstentzioa
Udaleko EAJko ordezkariak abstenitu egin dira gai honetan, eta «kezkek mahai gainean jarraitzen» dutela nabarmendu dute.
Jeltzaleek aipatu dutenez kontratuaren desegitearen inguruko bozketa errepikatu egingo da –behin-behinekoa egin zuten joan den udalbatzan, eta behin betikoa egingo dute aurrerago–. Biotxa Agirre zinegotziaren hitzetan: «Iazko azaroan premiaz hasi genuen prozesuaren hasieran kokatuko gara; leku berean, baina ia urte erdi beranduago».

Bestalde, nabarmendu dutenez beste aldagai batek ere «erabat» aldatu du egoera, hain zuzen, greba testuinguru batean hasi zela kontratua eteteko prozesua joan den arazoan; eta, gaur egun, kiroldegia irekita dagoela.

EAJko kideek uste dute «askoz zuhurragoa» dela mahai bat osatzea langileekin, enpresarekin eta udalarekin: «Ezuste administratibo honek espero ez zen aukera ireki diezaioke elkarrizketari konpontzeke gelditu zen gatazka sindikala bideratu ahal izateko». Udala «ziurgabetasunez betetako bide batean» sartu delakoan daude eta gogora ekarri dute, batetik, bi alegazio jaso dituztela plegu berriek; eta, bestetik, epaitegian daudela enpresaren 2022. urteko kontuak –udalak ez dituelako onartu eta enpresak errekurritu egin duelako udalaren erabakia–.

Horren aurrean, Andu Martinez de Rituerto alkateak nabarmendu du azaroko bilkuran «argi geratu» zela ez zegoela «akordiorako biderik» zazpi hilabeteko grebaren eta «hamaika saiakera» egin ondoren. Hari berari tiraka, aipatu du bazekitela bide «malkartsua eta korapilatsua» izango zela, baina hori dela «bide bakarra». Elkarrizketarako aukeraren inguruan, berriz, alkateak esan du ez dituztela ikusten «akordio baterako baldintzak», eta «horretarako jarrera» azalduko balute bi aldeek «aztertzeko aukera» emango lioketela: «Nik dakidala ez daude orain arteko posiziotik mugitzeko borondatearekin ez enpresa, ez langileak; beraz, gaurko erabakia hori izango da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!