Tolosako Irisgarritasun Planari ekarpenak egiteko aukera

Ataria 2024ko martxoaren 28a

Tolosako Udalak Irisgarritasun Plana jarri du udalaren webgunean interesa duen orok kontsulta dezan. Hala ere, apirilaren 14a bitarte ekarpenak egiteko aukera dago  gobernantza@tolosa.eus helbidera idatziz edo datorren astetik aurrera UDATEn, horretarako ahalbidetuko den postontzian. 

Urtarrilaz geroztik herriko Irisgarritasun Plana berrikusi eta eguneratzen ari da Tolosako Udala, eta bi saio ireki ere egin ditu herritarren eta eragileen proposamen zein iritziak jasotzeko. Bigarren saio horretan diagnostikoaren azalpenak eskaini zituzten eta, ondoren bertaratutakoen iritzi eta ekarpenak jaso zituzten. Eta orain, diagnostiko hori herritar ororen esku jarri du Tolosako Udalak interesa duen orok kontsulta dezan. Ekarpenak egiteko aukera ere egongo da, hain zuzen, apirilaren 14a bitarte, gobernantza@tolosa.eus helbidera idatziz edo datorren astetik aurrera UDATEn, horretarako ahalbidetuko den postontzian. 

Indarrean dagoen Tolosako Irisgarritasun Planak 20 urte ditu jada eta dokumentua egungo zein etorkizuneko errealitate eta beharretara egokitzeko beharra ikusi du udalak. Horretarako herriko kale eta eraikin publikoen irisgarritasun-maila ebaluatu eta etorkizunean egin beharreko hobekuntzak identifikatzen eta lehenesten ari da, herritarren eta eragileen parte hartzearekin. Irisgarritasun Planaren berrikuspen eta eguneraketa lau esparrutan oinarrituta dago: erabilera publikoko eremuak, garraioa, komunikazioa eta eraikin publikoak.

 

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!