Ingurumenari edo arlo artistikoari lotutako auzolandegiak

Ataria 2024ko martxoaren 28a

Gazte Topaguneak eta Tolosako Udalak antolatutako auzolandegiak 11 eta 17 urte bitarteko gazteentzat izango dira, uztailean.

Urtero legez, Tolosako Gazte Topaguneak eta Udalak udako gazte auzolandegiak antolatu dituzte elkarlanean, udako oporraldian ere gazteei aisialdi aukera desberdinak eskaintzeko bidean. 11-17 urte bitarteko gazteei zuzendutako auzolandegiak izango dira, eta aurten bi modalitate izango dira aukeran: ingurumen alorrekoak eta arlo artistikokoak.

Lehen kasuan, Uzturre magalean kokaturik dagoen Lazkao iturriaren eta ingurunearen berreskuratzea landuko dituzte. Auzolandegi artistikoan, berriz, mural artistikoen munduan murgiltzeko aukera izango dute gaztetxoek, Alaia Gaztelumendi adituaren eskutik. 

Gazte auzolandegiak uztailean egingo dituzte eta bi txanda izango dira aukeran: uztailaren 1etik 5era lehena, eta 8tik 12ra bigarrena. Bi kasuetan, goizez izango dira, 09:30etik 13:30era. Lekuak mugatuak dira, auzolandegi artistikoan 15 laguneko taldea egingo da eta ingurumenekoan, 20 pertsonakoa. 

Izen ematea dagoeneko zabalik dago eta interesdunek apirilaren 17a bitarte izango dute aukera, online, udal webgunearen bitartez edota aurrez-aurre, Udate, herritarren arreta zerbitzuan. Informazio gehiagorako 688 740 164 telefonora deitu edo Gazteria sailera jo daiteke, Kultur Etxean. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!