Danel Etxeberriak Gipuzkoako Eskolarteko finalean kantatuko du

Ataria 2024ko martxoaren 27a

Oiartzunen egin zen azken saioan sailkatu da bertsolari tolosarra. Apirilaren 12an Lasturren jokatuko da finala. Harituzen ibiltzen den June Aiestaran beasaindarra ere finaleko seikotean izango da.

Danel Etxeberria Gipuzkoako Eskolarteko finalean arituko da apirilaren 12an Lasturren. Oiartzunen jokatu zen azken kanporaketan lehenengo postuan sailkatu zen tolosarra, eta honenbestez, Kattalin Arabolaza, Sustrai Goenaga, Joanes Azpillaga, Egiar Otegi eta June Aiestaranekin batera ariko da finalean. Harituz bertsozale taldean aritzen da Etxeberria, baita Aiestaran ere.

Bertsolari gazteek asteburu pasa geratzeko aukera izango dute Lasturren. Horretarako izena eman behar da ondorengo loturan. Gipuzkoako Eskolarteko finala afalostean egingo da, horretarako jarritako oholtzan. Bertsolariek ondorengo lanak egin beharko dituzte: lau oinak emanda, 8ko txikian, bertso bat; binaka, 8ko handian, bina bertso; binaka, 8ko txikian, bina bertso; eta banaka, puntu bati erantzun 8ko txikian eta gaia emanda bertso bat, gehienez 10eko handian.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!