Auzoen Mahaiaren bigarren bilera, apirilaren 8an

Tolosaldeko Ataria 2024ko mar. 26a, 13:06

Udalak urtarrilaren amaierara bitarte ia astero egin ditu bilerak auzoetako arduradunekin. Denbora horretan jasotako informazioa aletzen aritu ostean, txosten bat osatu du eta ondorio horien berri emango du bilera ireki batean.

Uztailean egin zuen Tolosako Udalak Auzoen Mahaiaren lehen bilera irekia eta irailean abiatu zuen auzoz auzoko bileren erronda «beharrak detektatzeko eta proposamenak jasotzeko». Urtarrilaren amaierara bitarte ia astero egin dituzte bilera horiek, eta denbora horretan jasotako informazioa aletzen aritu ostean, txosten bat osatu du udalak, eta ondorio horien berri emango dute apirilaren 8ko bilera irekian. 18:00etan izango da udaletxeko pleno aretoan eta auzoengandik jasotako beharren txostena aurkeztearekin batera, Auzoen Mahaiaren ondorengo urratsen berri ere emango dute udal ordezkariek. 

«Dinamika aberasgarria izan da oso. Errealitate askorekin egin dugu topo. Behar, ideia eta proposamen asko jaso ditugu auzotarren partetik, eta horrek erakusten du badagoela aktibo izateko mahaia. Benetan eskertzen diet parte hartu duten guztiei. Orain proposamen guztiei batera ezingo diegu aurre egin, eta pixkanaka kanalizatzen joan nahiko genuke. Horretarako sustatu nahi dugu Auzoen Mahaia, lehentasunak elkarrekin finkatzeko eta hori herri ikuspegi orokor batetik egiteko. Hau da, norberak bere ingurua aztertzetik harago, gainerakoena ere kontuan izatea nahiko genuke», esan du Josune Sanz, Komunitatea eta Gobernantzako zinegotziak.

Udalak gogoratu du bilera irekia dela, eta auzoetako edo auzo elkarteetako ordezkariek ez ezik, interesa duten herritarrek ere bertaratu ahal izango dutela.
 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!