Elkarrizketa

«Txapela lortzeak ardura baino lasaitasuna ematen dit»

Imanol Garcia Landa 2024ko mar. 26a, 15:00

Datozen bi asteetan ez du partidarik izango Martxel Iztuetak eta indarrak berreskuratzeko baliatuko du. Pozik dago txapela lortuta, eta udaran disfrutatzea espero du.

Profesionaletan bere lehen txapela lortu du Martxel Iztuetak (Tolosa, 2004). Agirrerekin batera 22-6 irabazi zieten Larrazabal eta Eskirozi, Labrit pilotalekuan jokatutako Binakako Serie B Txapelketaren finalean.

Zer moduz sentitzen zara profesionaletan zure lehen txapela irabazi berritan?

Oraindik pozik, oraindik euforia horrekin nago. Sekulako poza izan zen bai Asierrentzat [Agirre] eta bai niretzako. Paper ona egin nahi genuen, baina final bat horrela irabaztea sekulako poza izan zen.

Finala nola bizitu zenuen? 0-3 galtzen hasi zineten, ustez faboritoak zirenen aurrean, baina gero guztiz buelta eman zenioten.

Ni urduri samar hasi nintzen, ez nintzen oso ondo hasi. Gero Asier hasi zen jokatzen; txapelketa osoan asko jokatu du, baina finalean sekulako ikuskizuna eman zuen. Ez dakit hobeto egin daitekeenik; nik uste dut une batean bere buruarekin ere harrituta zegoela. Defentsan ere beti izan du erraztasun hori, eta aurrean berari tantoa sartzea oso zaila da. Denetik egin zuen ondo eta ikaragarri jokatu zuen. Niri bidea eginda utzi zidan, errazago, eta nik uste dut bukaera aldera ondo lagundu niola.

Espero zenuten horrelako partida batean bilakatuko zela, edo pixkana joan zineten jabetzen?

Frontoira joaterakoan sentsazio txarrarekin nengoen, baina gero frontoira ateratzerakoan, hobeto sentitu ginen, lasaiago. Ondo hasi ginen eta horrela joan zen; gehiegi ez nuen pentsatu une horretan, baina oso azkar joan zen eta guretzako ederra izan zen.

Eskiroz lehen mailan ere aritu da azkenaldian, eta itxura ona emanez, baina atzeko koadroetan zuk agindu zenuela esan daiteke.

Berak ez zuen agian bere eguna izan, eta eman izan duen maila baino baxuagoa eman zuen. Eta gero, ikusita Asier nola zegoen, ni lasaitu egin nintzen, eta bukaeran ondo jokatu nuen. Asierrek defentsan asko laguntzen du eta horrek asko eragiten du jokoan.

Giro aldetik, kexarik ez, ezta?

Ez, noski, sekulako giroa zegoen. Telebistatik antzemango da, baina bertan egotea ederra da. Ez dakit zehazki zergatik, baina ikaragarri entzuten da dena bertan. Babes faltarik ez genuen izan, eta oso gustura alde horretatik.

Zure lagun eta zaleek zerikusia izango zuten horretan.

Bai, noski. Nik uste dut beraiek ondo pasa zutela, gustura ikusten zitzaien behintzat. Sekulako plazera da horrelako jendea izatea inguruan.

Zeini eskaini diozu txapela?

Bertan izan ziren lagun horientzako, eta familiarentzako: gurasoak, anai-arrebak eta aitona-amonak. Azken finean, inguruko guztientzako.

Dagoeneko txapel bat izateak zer suposatzen du, ardura edo lorpena?

Ardura baino lasaitasuna ematen dit. Horrelako zerbait lortzeak lasaitasuna ematen dit, eta ez dut uste presioa izango dudanik. Jende asko dago txapela lortu duena, eta urte batean irabazteagatik ez du esan nahi besteak baino gehiago izan behar duzunik, inondik inora.

Hemendik aurrera nola duzu egutegia?

Orain aste pare bat geldirik egongo gara, partidarik gabe, eta uste dut ondo etorriko dela indarrak berreskuratzeko. Gero, buruz burukoa hasiko da, eta ez dut bertan jokatuko, baina partida politak izango ditugu egongo diren jaialdietan. Ondoren, udara begira disfrutatzea izango da helburua, partida asko, eta ilusioarekin gaude horri begira.

Udaran partida nagusi batean sartzeko aukera izango duzu?

Azkenean pilotari guztiak udaran asko nahasten gaituzte, eta konbinazioetan denoi tokatzen zaigu lehen mailako pilotariekin jokatzea. Aurten ere, beste guztiek bezala, nire aukerak izango ditudala pentsatzen dut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!