11 metro kubiko hondakin bildu dituzte Oria ibaiaren garbiketa lanetan

Ataria 2024ko martxoaren 25a

Iazko datuekin alderatuta, 5 metro kubiko gehiago jaso dituzte. Plastikoak, latak, oihalak, autoen gurpilak edo obrako materiala bildu dituzte, besteak beste.

Joan den ostiralean, martxoak 22, Uraren Nazioarteko Eguna ospatu zen eta, urtero moduan, Tolosako Udalak eta Tolosako Ingurumen Zentroak antolatuta, herriko hiru ikastetxeek garbiketa lanak burutu dituzte Oria ibaian.

Pasa den astean, DBHko 2. eta 3. mailako 290 ikasle aritu ziren, hiru egunez, hondakin bilketa lanetan, Laskorain ikastolaren (Usabal) eta Alegiara bidean dagoen bidegorriaren inguruan, Araba etorbidearen parean eta Andre Maria elizaren atzeko eremuan. 

11 metro kubiko hondakin inguru jaso dituzte errekatik, iaz baino 5 metro kubiko gehiago. Plastikoak, latak edota oihalak izan dira gehien bildutako materialak. Bolumen handiko hondakinen artean, berriz, autoen gurpil bat, aulki eta alfonbra bat edota obretako material ugari jaso dituzte. 

«Garbiketa lanek, errekaren ekosistema zaintzeaz haratago, ikasleak kontzientziatzea dute helburu eta lanketa baliagarria izan da arazoa bertatik bertara ikusteko. Aurrera begira, Oria ibaiaren garbiketa sakonagoa egiteko lan gehiago aurreikusten ditugu», adierazi du udalak.

Argazkiak: Tolosako Udala

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!