Urrezko kalabazak banatu dituzte

Ataria 2024ko martxoaren 25a

Paul Urkijo, Ixabel Millet eta Pernando Amezketarraren oinordekoak izan dira urrezko kalabazak jaso dituztenak, atzo, Tolosako Amarotz auzoan ospatutako VIII. Euskal kontalarien topaketan.

Aurtengo Ahoz Aho jaialdiaren hitzordu nagusienetariko bat izan zuten atzo: VIII. Euskal kontalarien topaketa. Ahozkotasunetik Sortua hitzaldia izan zen lehenik, eta Dorleta Kortazarrek gidatu zuen solasaldia. Urtero gai bat jorratzen dute, eta aurten sormen lana ahozkotasunetik jasotzeari egin zioten tartea. Maider Galarza, Iban Perret Ibantuta, Ixabel Millet eta Paul Urkijo izan ziren gonbidatuak. Ondoren, Maider Bartolomek zuzendutako Amarotzeko Pailaztana Junior Antzerki Taldearen txanda izan zen.

Urtero bezala, urrezko kalabaza sariak ere banatu zituzten atzo eguerdian. Normalean, urtero, hiru kalabaza banatzen dituzte eta aurten Paul Urkijok jaso du Urrezko Kalabaza saria, «ahozkotasunean oinarrituta, euskal tradiziozko ipuinak zinemara eramateko eta ipuin tradizionalen fantasia irudikatzeko» gaitasunagatik. Beste bi kalabazak Ixabel Millet kontalariari eta Pernando Amezketarraren oinordekoei eman zizkieten. Ipuin Narrazio Lehiaketako saria ere banatu zuten eta Urtzi Gorostiaga izan zen irabazlea.

Sariak banatuta, Berceurs du Temps konpainiaren Kulunka Denbora emanaldia ikusteko aukera izan zen, eta arratsaldean, berriz, Bidegoxo jatetxean Bikustik, Rockaren klasikoak akustikoan eta DJ Aritz Icepunen musika saioak izan ziren.

Azken saioa asteazkenean

Ahoz Aho jaialdia bere amaierara iristen ari da. Hain zuzen, asteazkenean, 18:00etan Amezketan emango diote amaiera aurtengo edizioari, Puy Oses artistarekin batera. Bertan, aurten urrezko kalabazetako bat jaso duten Pernando Amezketarraren oinordekoei aipamen berezia egingo diote saioaren hasieran.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!