Euskararen erabilerak hirugarren aldiz gainditu du %50eko langa

Ataria 2024ko mar. 19a, 19:59

Maier Ugartemendia, GarbiƱe Marzol eta Manex Urruzola goizean egin duten 2023ko neurketaren emaitzen aurkezpenean.

1985etik orain arte erregistratutako daturik altuena da, 2022ko neurketarekin batera, iazko kale neurketak emandakoa: %52,3an egiten da euskaraz; gazteenak dira euskara gehien erabiltzen dutenak, eta adinean zenbat eta gorago joan, orduan eta txikiagoa da erabilera.

Hizkuntzen kale erabileraren 2023ko neurketaren emaitzak aurkeztu dituzte Galtzaundi Euskara Taldeak, Uemak eta Tolosako Udalak. 1985. urtetik, urtero egiten da hizkuntzen erabileraren kale neurketa Tolosan, eta ordutik, 23 puntu egin ditu gora, bosgarren aldiz, gaztelaniaren aurretik kokatuz. Iazko kale neurketan, 6.982 hiztunen eta 5.106 elkarrizketetatik atera zuten informazioa.

Euskarak orain arte eman gabeko emaitza eman du kale neurketak Tolosan: %52,3koa da euskararen erabilera, gaztelerarena %45,4koa eta beste hizkuntzena %2,4koa. 2019ko datuetan kokatu zen lehen aldiz euskara gaztelaniaren gainetik, baina %49a eman zuen, eta 2021ak markatu zuen %50etik gorako erabilera. «Datua oso baikorra da eta joera egonkortuta dagoela ikusten da», esan du Manex Urruzola Galtzaundi Euskara Taldeko zuzendariak. «Gure hizkuntzak Tolosako kaleetan espazioak irabazten jarraitzen du, eta datu hauek garbi uzten digute azken urteetan Tolosaldeak eta Tolosak zerbaitetan asmatu dutela, datu hauek jende askoren ondo egindako lanaren emaitza eta fruituak baitira».

Adinari begira, haurrak (2-14 urte) dira Tolosako kaleetan euskara gehien erabiltzen dutenak: %73. Atzetik gazteak (15-24 urte) daude: %59. Horiei jarraiki, heldu gazteak (25-44 urte) daude: %60; gero, heldu-nagusiak (45-64 urte): %42; eta, azkenik, adinekoak (65 urtetik gorakoak): %36. «Gero eta gazteago, gero eta gehiago hitz egiten da euskaraz kalean», zehaztu du Urruzolak.

Bilakaera horretan azpimarratzekoa da 45 urtetik gorakoen eta beherakoen artean dagoen aldea: 45 urtez azpikoek %65eko erabilera erregistratu dute, 45 urtez gaindikoei %39ko erabilera neurtu zaien bitartean. Aldaketa nabarmena izan du datu horrek, Urruzolak kontatu bezala: «Duela 38 urte adinean helduenak euskara gehiago erabiltzetik, orain, belaunaldi gazteenak dira gehien erabiltzen dutenak». 65 urtetik gorakoen kasuan, beraiek ziren euskaraz gehien egiten zutenak, eta gaur egun euskara gutxien haiek erabiltzen dute. «Hala ere, adinekoen erabileran beherakadak geldialdia izan du 90eko hamarkadatik lehen aldiz, eta errekuperazio zantzuak sumatzen ditugu egun».

Elkarlana

Udalerri euskaldunak aldatzen ari direla esan du Maier Ugartemendia Uemako teknikariak; «azken urteetan ikerketei garrantzi handia eman diogu Uematik, ondoren datuen araberako diagnostiko zehatzetan oinarrituta aritzen garelako lanean dagokion esparruan».

Tolosako hizkuntza erabilerako kale neurketako emaitzek azken urteetan «bilakaera positiboa» erakutsi arren, Ugartemendiaren ustetan oraindik hainbat arlotan «eragiteko beharra» dago. «Tolosaldean ikusi daiteke arnasguneetan izaten ari den bilakaera bestelakoa dela, eta horren aurrean Tolosa bezalako eskualde buruek paper garrantzitsua jokatzen dute bilakaera horren etorkizunean».

Horretarako, herritarren kontzientziazioan eragitea funtsezkoa dela azpimarratu du Ugartemendiak, eta hori elkarlanaren bidez egin behar dela gaineratu du: «Euskalgintzak eta erakundeok batera lan egin behar dugu. Horretarako Tolosaldea giltzarria da. Adibide garbia da Tolosaldean horrela lan egin daitekeela eta aurrera begira eskualde bezala dituen aukeren alde lanean jarraituko dugu».

Erabilera indartuz

Hizkuntza erabileraren kale neurketako datu guzti horiek ikusita, harro egotekoa dela adierazi du Garbiñe Marzol Tolosako Udaleko Euskara zinegotziak. «Larunbatean, Tolosan izango dugu Korrika, Harro Herri lelopean, eta aukera bikaina da orain arteko bidea elkarrekin ospatzeko eta euskara indartzen jarraitu nahi dugula aldarrikatzeko».

«Lasaikerian erori gabe», lanean jarraitzeko beharra nabarmendu du zinegotziak. Zentzu horretan, euskararen erabilera indartzeko udalak hartuko dituen bi neurri iragarri ditu. Alde batetik, azaldu du oraindik euskara ulertzen ez duten ia 3.000 tolosar daudela, eta beste horrenbeste, ulertu bai baina hitz egiteko gai ez direnak. Horiei euskara ikasteko aukera bermatzeko helburuarekin bat eginda, aurki doakotasunerako bidean urrats aitzindariak egingo dituztela iragarri du.

Hizkuntza-politikarako plan estrategiko berria prestatzen hasiko direla ere aurreratu du. «Hurrengo hamarkadan euskararen sustapena gidatuko duen plan estrategikoa da. Plan konpartitua izango da, ez dena udal-jardueretara mugatuko. Horregatik, askotariko eragileen partaidetzarekin landuko dugu plana, denon artean biharko Tolosa euskalduna marrazteko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!