Elkarrizketa

«Behin finalera iritsita, sari bat bezala hartzen dut»

Imanol Garcia Landa 2024ko mar. 19a, 18:00

Profesional mailan bere lehen finala jokatuko du Martxel Iztuetak (Tolosa, 2004). Agirre aurrelari duela Larrazabal eta Eskiroz izango dituzte aurkari Binakako Serie B Txapelketako finalean. Partida larunbat arratsaldean jokatuko da, Iruñeko Labrit pilotalekuan.

 

Zer suposatzen du profesionaletan dagoeneko zure lehen finala jokatzeak?

Sekulako poza da. Txapelketa hasi zenean bikote ona osatzen genuela uste nuen, baino ez nuen pentsatzen finalera iritsiko ginenik.

Agirrerekin errepikatu duzu bikotea osatzerakoan. Ez zenuen ikusten behintzat goian egoteko aukerarik?

Aurreko urtean, hasiberriak izanik, nire buruari ez nion aukera handirik ikusten final batean sartzeko. Aurten, denbora gehiago eginik profesionaletan, bikote hobea osatzen genuela ikusten nuen, baina beste bikote on asko zeuden ere, eta zaila ikusten nuen finalean sartzea. Azkenean sartu gara, eta gustura nago horregatik.

Txapelketaren zer balantze egingo zenuke?

Uste dut Asierrek [Agirre] sekulako maila eman duela, hasieratik bukaera arte. Nik arazo batzuk izan ditut eskuekin eta partida batzuk utzi egin ditut, baina bukaerara uste dut ondo iritsi naizela, eta alde horretatik gustura nago.

Finalean Larrazabal eta Eskiroz izango dituzue. Nolako aurkariak dira?

Gogorrak. Txapelketa hasieran bikoteak esan zituztenean, bikote hori ikusten nuen besteen gainetik. Aurreko urtean irabazi zuten, eta biek lehenengo mailan partidak jokatzen dituzte. Partidaren bat irabazi diegu txapelketan, beraz, irabazteko aukera badugu, dudarik gabe.

Nola planteatu nahi duzue partida?

Agian gakoa da Larrazabal ez oso aurretik sartzea eta aukera asko ez uztea; eta nahiz eta huts gehiago egin, behintzat atzean tarteka dominatu ahal izatea. Uste dut Asier aurreko joko horretan oraindik gehiago dela efektuekin eta dejadekin. Laburbilduz, Larrazabali airea kentzea eta aurrean pixka bat nahastea.

Gustuko al duzu Labrit pilotalekua?

Partida asko jokatu ditugu bertan, eta ondo ezagutzen dut, baina frontoi bezala ez zait gehiegi gustatzen. Hori bai, giroa sekulakoa izaten da.

Zenbat baldintzatu dezakete frontoiak eta pilotek?

Baldintzatu dezakete, baina denok hainbeste jokatu dugunez frontoi horretan, ez da aitzakia. Asteartean [gaur] dugu pilota aukeraketa, eta ez dut uste hainbeste baldintzatuko duenik.

Finalera inguruko jendea animatuko da, ezta?

Kuadrillakoak joango dira, gurasoak, familiakoak... Giro ona izango da ziur.

Eta horrelako lehenengo finala izanik, urduritasuna ere agertu daiteke.

Finala izanik, urduritasuna izango dut ziur, baina finalerdietarako urduriago nengoen. Behin finalera iritsita, sari bat bezala hartzen dut partida hau, eta galduz gero ere ez dut uste ezer gertatzen denik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!