Saria ematerakoan, Espainiako federaziotik nabarmendu zutenez, TAK klubak «hasieratik bultzatu ditu modalitate eta kategoria guztiak, eta gainera betidanik egin du apustu emakumezkoen arraunarengatik. Bere arrakastak herrialde mailan zein estatu mailan izan dira, eta Kantauriko aulki finkoaren erreferenteetako bat izatera eraman dute».
Sabino Alijostes lehendakariak jaso zuen saria, eta ez zutela espero azaldu zuen: «Jaso dugun lehen saria da hainbeste urtetako ibilbidearen ondoren». Sariarengatik Espainiako federaziori eskertu zion eta baita euskal federazioari eta Gipuzkoakoari ere. Saria jasotzerakoan, klubeko arraunlarien argazki bat ikusi zitekeen bere atzean, Oria ibaia ikusten zela. Alijostesek bertara seinalatu zuen, klubaren estropada eremua hori dela azalduz. «%60an ezin dugu entrenatu ahal izaten. Lehen bost urtez behin izaten genituen uholdeak, eta orain urtero izaten ari gara. Eta ez dugu beste aukerarik barrualdekoak garelako. Egunero traineruarekin entrenatzeko 35 kilometro mugitu behar dugu, baina hor segitzen dugu, lorpen handiekin, eta hor jarraituko dugu ahal dugun heinean».