Inauterietako pilotakadaren auzia

Xuhar Herri Plataformak esan du «nekatuta» daudela Ertzaintzaren esku-hartze «gogorrez»

Ataria 2024ko martxoaren 15a

Xuhar Herri Plataformak Villabonan egindako agerraldi jendetsua.

Tolosako Soldadu kalea bete eta lurrean esertzera deitu dituzte herritarrak, bihar, larunbata, 12:00etan egingo duten eserialdian.

Xuhar Herri Plataformak 30 minutuko eserialdia egingo du bihar, larunbata, 12:00etan, Tolosako Soldadu kalean, Biolentzia poliziarik ez! lelopean. Azken egunetan Tolosan, Bilbon, Gasteizen edo Donostian «polizia indarkeriaren biktima» izan direnei «maitasuna eta elkartasuna» adieraziko dietela esan dute, eta herritarrak Soldadu kalea bete eta lurrean esertzera deitu dituzte «Tolosako polizia indarkeriari» planto egin eta «gauzak aldatzeko garaia» dela esateko.

Xuhar Herri Plataformako kideek adierazi dutenez, «arrazoi askorengatik eta leku askotan» eser daitezke: «Hitzaldi bat entzuteko, antzerki bat ikusteko, kafe bat hartzeko, garraio publikoan bidaiatzeko, Tolosako inauterietan karrozetan trago bat hartzeko, begian tiro bat jaso ondoren anbulantzian ospitalera urgentziaz joateko, edota 16 urteko gazteari begian ebakuntza egin bitartean, itxaron geletan egoten diren aulki deseroso horietan urduritasuna baretzeko. Inauterietan nerabez lepo dagoen kale batean foam jaurtigaiekin kargatuko bagenu eta karga horietan 16 urteko gazte bati begian atzeraezinak diren kalteak eragingo bagenizkio, epaiketan, akusatuen eserlekuan eseri beharko ginateke. Ertzaina bazara, lasai, hori ezinezkoa da eta».

Era berean, esertzea «nekearen ondorio» ere izan daitekeela diote. Protesta egiteko eta norbaiti edo zerbaiti planto egiten zaiola adierazteko bidea ere badela diote. Hain justu, arrazoi horiengatik egingo dute eserialdia bihar, larunbata, Tolosako Soldadu kalean. «Nekatuta gaudelako urteak joan eta urteak etorri Ertzaintzaren esku-hartzeetan ikusten ditugun jokabide biolentoez, baita biolentzia polizial horri jaurlaritzak eskaintzen dion inpunitateaz».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!