Adinekoen erorketak saihesteko tailerra antolatu du Mugi Tolosak

Ataria 2024ko martxoaren 15a

Astelehenean, martxoak 18, lau hitzaldi labur izango dira kultur etxeko areto nagusian, 10:30etik 12:30era. Adinekoek egunerokotasunean izan ditzaketen arazoak identifikatzea eta horiei aurre egiteko gomendioak ematea izango da helburua.

Datorren astelehenerako, martxoak 18, saio berezia antolatu du Mugi Tolosak, adinekoen erorketak saihesteko gomendioak emateko helburuarekin. Egunerokotasuneko esparru eta une ezberdinetan (etxean, kalean, egunez, gauez…) izan daitezkeen arrisku eta arazoak identifikatu eta horiei aurre egiteko eta saihesteko gomendioak emango dituzte. Tailerra kultur etxean egingo dute, 10:30etik 12:30era, eta 15 minutuko lau hitzaldi laburrez osatuta egongo da.

Lehen hitzaldia osasun publikoko teknikariak eskainiko du. Adinekoek etxean izan ditzaketen arriskuen inguruan mintzatuko da eta erorketak ekiditeko etxea modu egokian nola antolatu azalduko du. 

Anbulatorioko erizainek emango dute bigarren hitzaldia. Elikadura osasuntsuaren edota kirolaren garrantziaz arituko dira, besteak beste. Bide batez, BetiOn telelaguntza zerbitzuaren nondik norakoak eta xehetasunak ere azalduko dituzte. Zerbitzu hau Eusko Jaurlaritzak sustatzen du, eta horren bitartez, erabiltzaileek arreta iraunkorreko zerbitzua izan dezakete etxean, eguneko 24 orduetan eta urteko egun guztietan. 

Hirugarren hitzaldia Tolosako udaltzainburuak eskainiko du, adinekoek kalean izan ditzaketen arriskuen inguruan, eta horien aurrean zenbait gomendio ere helaraziko ditu. 

Amaitzeko, udaleko kirol saileko teknikarien txanda izango da. Norberaren osasunerako eta, bereziki, erorketak saihesteko eta oreka mantentzeko kirolak duen garrantziaz arituko dira. Eserita egonda egin daitezkeen ariketak azalduko dituzte eta ondoren praktikan jarriko dituzte.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!