Egoitz Perez: «Ilusio handia egiten dit Tolosa CF-ren fitxaketak»

Ataria 2024ko mar. 13a, 19:58

Oskar Galindo zuzendari teknikoa, Egoitz Perez, eta Francisco Valor, futbol ataleko lehendakaria.

Futboleko Ohorezko Erregional mailan dagoen gizonezkoen lehen taldearen ardura hartu du entrenatzaile errenteriarrak.

Aurreko astean Iker Dorronsorok taldea entrenatzeari utzi zion, eta bere posturako Egoitz Perez fitxatzea erabaki du Tolosa CF-k. «Orain dela urte batzuk egon nintzen Tolosa CF-n kadeteei entrenatzen, eta horietako jokalari batzuei berriz entrenatzea ilusio asko egiten dit», azaldu du Perezek, eta klubari eskerrak eman dizkio aukera emateagatik. Hamasei urte daramatza entrenatzen Perezek eta kategoria guztietan aritu da: oinarrizko futbolean Liga Nazionalean izan da, jubenilen Euskal Ligan ere bai, eta euskal selekzioan bigarren entrenatzailea bezala ere izan da. Seniorretan, Preferente mailan pare bat urtez aritu da entrenatzen.

Perezek azaldu duenez, lehenengo helburua «taldea ondo ezagutzea» da. Jokatzeko moduari dagokionez, ez da bere asmoa jokalaria futbola ikusteko bere erara egokitzea, «baizik ikustea zein ezaugarri dituen jokalari bakoitzak eta jokoa horretara egokitzea. Aurkariaren arabera ere partida egokitzea da asmoa».

Atzo hasi zen jokalariarekin hitz egiten, eta gaur hasi da entrenamendua gidatzen lehen aldiz. «Asteburu honetan izango da lehenengo partida eta ilusio handiarekin nago», esan du Perezek. «Helburua da denboraldi honetan sailkapenean ahalik eta ondoen geratzea, eta taldea ezagutzea hurrengo denboraldirako prestatzeko».

Francisco Valor Tolosa CF-ko futbol ataleko lehendakariak azaldu duenez, Perez denboraldi honen amaiera eta hurrengo denboraldirako fitxatu dute. «Pentsatzen genuen denboraldi bukaera arte David Aguado egongo zela, Iker Dorronsororen bigarren entrenatzaile bezala zegoena, baina ikusi dugu aukera ona zela Egoitz Perez klubera etortzea», esan du Valorrek. «Aurretik bertan izandakoa da, eta orain fitxatuta denboraldia bukatzeko partidak berak zuzentzeko aukera izango du, eta gero denboraldiaurrea prestatzeko. Horrela jokalariak zein maila ezagutzeko aukera izango du, datorren denboraldia beste oinarri batekin hasteko». Datorren denboraldirako talde sendo bat egiten saiatuko direla gaineratu du. «Perezi futbol azkarra gustatzen zaio, baloia ukituz jokatzea. Futbol zelaia ez dago orain ondo, baina espero dugu datorren denboraldian hobeto izatea, eta joko ikusgarriagoa egitea», azaldu du Valorrek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!