Bederatzigarren aldiz egingo dute martxoaren 15ean eta 16an Tolosaldeko Lanbide Heziketa Azoka. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, urtez urte sendotzen joan den ekimena da eta Tolosan antolatzen diren azoken artean, hitzordu edo topagune garrantzitsu bihurtu da. Tolosako Trianguloan egingo duten azokarekin beraz, Lanbide Heziketaren arloan egiten den eskaintza herri mailan zabalduko dute.
Azokaren helburu nagusia Tolosaldean dagoen prestakuntza aukera zabaltzea bada ere, antolatzaileei garrantzitsua iruditzen zaie azoka honi esker lortu duten indar-metaketa azpimarratzea. «Lanbide Heziketako hezkuntza komunitatea osatzen dugun ikastetxeoi lankidetza testuingurua ireki digu elkarrekin antolatzen dugun Lanbide Heziketa Azokak».
Tolosaldeko Lanbide Heziketa Ikastetxe Integratuak, Inmakulada Lanbide Heziketa Ikastolak, Fraisoro Eskola Lanbide Heziketa Ikastetxe Integratuak eta Peñascal Kooperatibak antolatzen dute azoka.
Tolosaldean Lanbide Heziketaren arloan aritzen diren ikastetxeen eskaintzaren berri ematea da bihar eta etzi egingo duten azokaren helburua.
Ikastetxe bakoitzak eskaintzen dituen ziklo eta familia profesional ezberdinetako ikasketen inguruko azalpenak emango ditu zuzenean.
Bihar, Tolosa, Amasa-Villabona, Ibarra, Alegia, Anoeta, Leitza eta Andoaingo ikasleak gerturatuko dira. Larunbatean, berriz, herritar orok izango du aukera azokara bertaratu eta eskaintza ezagutzeko.